Zabalik dago alokairurako dirulaguntza eskatzeko epea

Berriketan 2024ko urr. 24a, 09:52

Udalak 23.000 euro bideratuko ditu deialdira. Azaroaren 14a da eskaerak aurkezteko azken eguna.

Alokairuan bizi diren herritarrei gastu horren pisu ekonomikoa "arintzeko" helburuarekin, alokairurako dirulaguntzen deialdia zabaldu Debako Udalak. Udal iturriek azpimarratu dutenez, "hobekuntza esanguratsuak" egin dituzte oinarrietan. Besteak beste, bizikidetza-unitatearen kontzeptua aldatu dute. "Aurrerantzean, bizikidetza-unitatea etxebizitza berean bizi diren pertsona guztiek osatuko dute, ezkonduta egon ala ez. Gainera, diru-sarrera haztatuen muga handitu da, lagun gehiagok jaso ahal dezan dirulaguntza hau".

Udalak banatzen dituen laguntzak, bestalde, Emantzipa programarekin bateragarriak izango dira aurrerantzean. "Hau da, ez zaio, nahitaez, horri uko egin beharko". Neurri berrien artean, alokairuaren errentaren gehienezko muga ere kendu dute, "debar gehiagori laguntza eskuratzeko aukera emanez".

Onuradunak

Deban erroldatutako 18 eta 35 urte bitarteko gazteei, 70 urtetik gorakoei, mugikortasun urria duten herritarrei, banandutakoei edo dibortziatutakoei eta alargunei daude zuzenduta laguntzok. Gizarte Zerbitzuek justifikatutako egoeretan, tutoretzapeko etxebizitza izateko eskubidea duten pertsonek ere eskuratu ahal izango dituzte, baldin eta udalak behar hori asetzeko baliabiderik ez badute.

Laguntzaren zenbatekoari dagokionez, horrek etxebizitzaren alokairuaren zati bat estaliko duela nabarmendu dute udal iturriek. Kopurua bizikidetza edo familia-unitatearen urteko diru-sarreren araberakoa izango dela esan dute, baina ez duela, inola ere, hileko 300 euroko muga gaindituko.

Laguntza horiek eskuratzeko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskatzaileek:

  • Deban gutxienez bi urtez jarraian erroldatuta egotea.

  • Etxebizitzarik ez izatea, salbuespen batzuk izan ezik.

  • Urteko diru-sarrerak 30.000 eurotik beherakoak izatea, pertsona bakarraren kasuan, edo 38.000 euro baino gutxiagokoak, familia edo bizikidetza-unitateen kasuan.

Laguntzak eskatzeko epea zabalik dago; azaroaren 14a da horiek aurkezteko azken eguna. Eskaerak udaletxeko erregistroan edo telematikoki (egoitza elektronikoaren bidez) aurkez daitezke. "Laguntzak aurrekontua agortu arte emango dira, eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileen artean banatuko dira". Informazio gehiagorako edota eskabideak egiteko oinarriak zein eskaera formularioak udal webgunean daude ikusgai.