Zergen eta tasen %5eko igoera orokorra proposatu du udal gobernuak

Berriketan 2024ko urr. 18a, 11:25

2025rako udal ordenantza fiskalak lantzerakoan, udal zerbitzuen "kalitatea bermatzen jarraitzea" lehenetsi nahi izan du tokiko udal gobernuak.

Debako udal gobernu taldeak 2025erako ordenantza fiskalen proposamena aurkeztu du eta, horren baitan, udal zergen eta tasen %5eko igoera orokorra planteatu du. Azpimarratu dutenez, udal zerbitzuen kostuaren igoera orokorrari aurre eginez, helburua da zerbitzu ororen kalitatea bermatzen jarraitzea. Zabor bilketa tasa, bestalde, %8,5 igoko litzatekeela iragarri dute; azaldu dutenez, kopuru hori Debabarrenako Udal Elkarteak ezarritakoaren araberakoa da.

Udal iturriek jakinarazi dutenez, zergen eta tasen gorakada hori "ezinbestekoa" da gaur egungo joera ekonomikoari aurre egiteko. "Gaur egun, inflazio egoera orokorra bizi du gizarteak eta, zergen eta tasen egokitzapen honek, hain zuzen, testuinguru horren baitan kokatzen da; egungo egoera horrek nabarmen eragin du udalaren gastu operatiboetan". Gobernu taldeko kideen hitzetan, "politika hauek erritmo bizian handitu dituzte udal gastuak eta, orain, etorkizuneko iraunkortasuna bermatzeko erabaki arduratsuak hartzea egokitzen zaigu". 

Ohartarazi dutenez, neurrion helburua ez da herritarren presio fiskala areagotzea, baizik eta herritarren ongizaterako funtsezkoak diren zerbitzu publikoak eta horien kalitatea mantentzea. "Jakin badakigu egungo egoera ekonomikoak guztiei eragiten digula, baina ezinbestekoa da udal zerbitzuen jarraitutasuna eta kalitatea bermatuko duten erabakiak hartzea, gure udalerriarentzat garrantzitsuak direlako. Guretzat funtsezkoa eta lehentasunezkoa da Deba, eta bere azpiegiturak eta zerbitzu publikoak zaintzen dituen udalerria izaten jarraitzea, inor atzean utzi gabe".