Erriberrira eta Artaxoara irteera antolatu du Arbil Elkarte Sozialak

Berriketan 2024ko urr. 18a, 10:20

Nafarroako bi herriak datorren ostegunean (urriak 24) bisitatuko dituzte. Ikasturteko lehen irteeran parte hartzeko interesa dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute. 

Elkarteko kideek azaldu dutenez, bi herriak ezagutzeko bisita gidatuak egingo dituzte lehendabizi eta herriek eskaintzen dutena ezagutu ondoren, bazkari baten bueltan elkartuko dira. Irteeraren prezioa 45 eurokoa da, eta prezio horren barruan garraioa, bisita gidatua eta bazkaria sartzen direla esan dute.

Bertan parte hartzeko interesa dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute; astelehena (urriak 21) da horretarako azken eguna eta, zehaztu dutenez, bazkide bakoitzak bina lagunen txartelak erosi ahalko ditu gehienez. "Izena ematerakoan menuko bigarren platera ere aukeratu behar da". Honakoa da bulegoko ordutegia: 11:00etatik 12:30era.

Irteeraren egunean 08:00etan abiatuko da autobusa Debatik; zumardian, hondartza sarreran jasoko ditu txangoan parte hartzeko izena emanda daudenak. 21:00etarako bueltatzea aurreikusten dute antolatzaileek.