11:00etan hasiko da hitzordua eta, antolatzaileek jakinarazi dutenez, Badiolak eta Mañasek gidatuko dute saioa. Mahaiaren bueltan, berriz, Realaren lehen taldean garai desberdinetan aritu diren eta Debarekin "harreman estua" duten Inaxio Kortabarria, Asier Riesgo, David Zurutuza eta Markel Bergara izango dira. Gaiari buruz duten iritzia emango dute, betiere futbol munduan eduki duten esperientzia eta ibilbidea kontuan hartuta.
Arbil Elkarte Sozialeko kideek iragarri dutenez, biharko jarduera jokalariei aitortza egiteko ere aprobetxatu nahi dute. "Debak jokalari bikainak izan ditu Realaren lehen taldean eta, horregatik, Arbil Elkarte Sozialak jokalari horiei aitortza egin nahi izan die". Aurreratu dutenez, omenaldi hori egiteko ikus-entzunezko bat prestatu dute propio.
Eusebio Larrinagak digitalizatu eta ekoitzi du lana eta, bertan, jokalarien senitartekoen iritziak, garai hartako argazkiak eta Realeko zaleen iritziak ere batu dituzte, baita Amaikak Bat taldeko egungo jokalarien hitzak ere. Azaldu dutenez, mahai-ingurua hasi aurretik proiektatuko dute bideoa. Arrazoi horregatik, garaiz iristeko eskatu diete bertaratzeko asmoa duten guztiei.