Deba, Mutriku, Eibar eta Mendaroko gazte asanbladek egitarau zabala antolatu dute larunbat honetan (urriak 12) Deban egingo dituzten topaketetarako.
11:00etan emango zaio hasiera programazioari, parte hartzaileei Debako gaztetxean egingo zaien harrerarekin. Eta, 11:30ean, mahai-ingurua egingo dute Kultur Elkartean, gazte asanbladen gaur egungo erronkak hizpide hartuta.
Goizeko hausnarketa eta eztabaida saioaren ondoren, bestalde, bazkaria izango da gaztetxean 14:30ean (5 euroan lor daitezke sarrerak, asanbladetako kideekin harremanetan jarrita). Eta, ondoren, bakarrizketa saioa egingo dute Manex Astigarragak, Esti Curielek eta Asier Galarzak.
Egitarauak 18:00etan izango du jarraipena, asanbladen arteko jolas edo olinpiadekin (Foruen Plazan). Bi ordu beranduago, 20:00etan, karropoteoa egingo dutela iragarri dute eta musika izango da protagonista ondorengo orduetan ere: batetik, 22:30ean, Obego eta Rebel Boys taldeen kontzertua izango da gaztetxean (afaltzeko aukera ere egongo dela azaldu dute antolatzaileek); bestetik, kontzertuen ostean, Txola ta Potxola DJak ariko dira bertaratutakoen aurrean.
Ikusi hemen egitaraua.