Ikasturte berriari hasiera emateko, Amorotoko Oleta auzotik abiatu eta Lekeition amaituko den txango bat egitea proposatu dute Arbil Elkarte Sozialeko kideek. Bihar (urriak 10) izango da irteera eta bertan parte hartzeko interesa dutenek ez dute aurrez izenik eman beharko; 08:40an autobus geltokira gerturatzea nahikoa izango da, izan ere, ordu horretan Donostiatik Lekeitiora doan autobusa hartzea da asmoa. Antolakuntzak, ohi bezala, "adin eta maila fisiko guztietako" herritarrak gonbidatu ditu bertan parte hartzera.
Iragarri dutenez, Oletan jaitsiko dira autobusetik eta, handik, Lea Ibilbidea deritzonetik ekingo diote Lekeitioranzko bideari. Azaldu dutenez, lauzpabost kilometro inguruko ibilaldi "polita eta erraza" egingo dute, baina, gogorarazi dutenez, komenigarria da makilak ere eramatea. Aurreikusitakoaren arabera, bidea "ordubete pasatxoan" egin ahal izango dela zehaztu dute.
Lekeitiora iristean, atsedenaldia egin eta zerbait hartzeko denbora izango dela ere esan dute. "Lekeitiotik Donostiara doan 12:50eko autobusa hartu eta 13:30erako Deban bueltan izatea da asmoa".