IRITZIA

"Hizkuntza helarazi eta harremanak sortu, jolasa ardatz hartuta"

Amaia Zinkunegi Zipitria 2024ko urr. 11a, 09:11

Etorri berri diren ikasleak euskarara hurbiltzeko eta herrikideen artean harremanak sortzeko helburuz, uda honetan egitasmo berri bat jarri dugu martxan Deban, ikastetxeekin eta guraso elkarteekin elkarlanean.

Azken urteetan ikasle dezente etorri zaigu atzerritik. Batzuk ikasturte hasieran etortzen dira eta aukera izaten dute, gutxi-asko, euskara ulertzen hasteko eta bertakoekin harremanetan sartzeko; eta zenbat eta txikiago izan, errazago egiten dute bide hori, eskola prozesuan denbora izaten baitute horretarako. Beste batzuk, ordea, ikasturte erdian edota bukaera aldera iristen dira eta horiek DBHko ikasleak badira, gehiago kostatzen zaie eskolan eroso ibiltzea, batetik, euskararik gabe, eskola edukiak ulertzea ezinezkoa egiten zaielako (eskolak ez du baliabide nahikorik horrelako kasuetan behar bezala erantzuteko) eta, bestetik, egituratutako lagun kuadrilletan tokia egitea zailago izaten delako adin horretan.

Hori guztia kontuan izanik jarri dugu egitasmoa martxan. Lehenik eta behin, eskoletako zuzendaritzekin bildu eta, ikasturte honi begira, euskara errefortzuak behar zituzten ikasleen zerrenda egin zen eta herriko jendearekin harreman sareak eraikitzeko moduak pentsatu.

"Proiektuaren balorazio orokorra oso positiboa izan da, bai hezitzaileentzat, bai boluntarioentzat, bai parte hartu duten gazteentzat ere"

Baterako zein besterako, oinarria jolasa izan behar zela adostu zen. Jolasaren bitartez lortu behar genuela hizkuntza haiei helaraztea eta jolasaren bitartez eraiki nahi genituela harremanak ere, kualitatiboki, jolasak eskaintzen baitu besteengana iristeko, besteekin jarduteko, talde kohesioa lortzeko zera errazago bat. Erronka ez zen makala: 16 ikasle horietatik, erdiek gutxi gorabehera ulertzen zuten euskara eta, egunerokoan, nola edo hala, moldatzen ziren. Beste erdiek, ordea, batere ez edo oso gutxi ulertzen zuten eta horien artean hizkuntza ezberdinak genituen: gaztelania, punjabia eta mongoliera. Beraz, hizkuntza kudeaketa oso konplikatua izango zela aurreikusten genuen; ingelesa ere erabili beharko genuela.

Tamaina horretako lanari aurre egiteko, kontratupean lan egingo zuten pertsonak behar genituela erabaki zen. Egitasmoa guraso elkarteekin partekatu eta, haien oniritziarekin, 3 begirale kontratatu ziren egitasmoaren pisu nagusia eramateko. Horrez gain, saioetan parte hartuko luketen herritar boluntarioak, adinez ahalik eta gertukoenak, lotzeari ekin genion. Horrela, egitasmoan, 16 ikaslek, 3 begiralek eta 14 boluntariok hartu dute parte.

Ekimen baliagarria
Proiektuaren balorazio orokorra oso positiboa izan da, bai hezitzaileentzat, bai boluntarioentzat, bai parte hartu duten gazteentzat ere. Uztailean parte-hartzea etengabea eta sutsua izan da eta, horrek, inplikatutako guztien interesa eta konpromisoa erakusten du. Bestalde, dinamikak jatorri desberdineko gazteek osatutako taldearen aniztasunera egokitzeko beharra ikusi da eta horrek sortzaile izatera eta ikuspegi bakar batean ez gelditzera behartu ditu hezitzaileak.

Ekimena baliagarria izan da, ez bakarrik euskarara hurbiltzeko eta hizkuntzaren ezagutza hobetzeko, baita herrian lotura eta harreman berriak egiteko ere, herrikide izatearen sentipena ernalduz. Hala ere, argi dago ahalegin horrek jarraitutasuna eskatzen duela izandako onurak maximizatzeko. Horregatik, funtsezkoa iruditzen zaigu proiektu honek jarraipena izatea, hizkuntza ikasten ari direnak atzean gera ez daitezen eta elkarrekin bizitzeko prozesuan aurrera egiten jarrai dezagun.