Sakristia ikustera eraman ninduten halako batean, barrura sartu eta harrituta geratu nintzen zer egoeratan zegoen ikustean: erabat hondatuta zegoen, lizunak janda. 1986an izan zen, ni alkate nintzela. Eta gogoan dut azkar egin nuela gestioa Gipuzkoako Foru Aldundian; oso erraza izan zen, gainera, han baitzegoen Manu Izagirre diputazioko ondare zuzendaria.
"Lanak 1986an hasi eta 1987an amaitu ziren. Sakristia zaharberrituaren inaugurazioa kiroldegi berriaren lehen harria jarri zuten egun berean egin zen, 1987ko otsailean"
Manuk eta biok lehenagotik ezagutzen genuen elkar, eta lagun handiak ginen. Izan ere, aldez aurretik, Sasiolako santutegiko teilatua behea jota zegoenean, hura konpontzeaz arduratu behar izan ginen eta bera etorri zen laguntzera. Oso lan zaila izan zen, inor ez baitzen baselizaz arduratzen, eta gotzainak ere ez zuen ezer jakin nahi: han ez zegoen klerorik, ez zegoen dirurik... eta gai horrekin zerikusia zuten kontuekin egin ginen lagun, hain zuzen, Manu eta biok. Beraz, eliza nagusiko sakristiaren egoera ikusi nuenean, arazoaren berri eman nion, eta hark gogotsu hartu zuen bere gain eginkizuna; aldundia egin beharreko lan guztiak ordaintzen ahaleginduko zela esan zidan.
Egindako gestioa udaletxean aurkeztu nuen, baina oposiziokoek erabat baztertu zuten gaia. Guztia aldundiak ordainduko zuela ikusita, eta ez udalak, gaia baztertuta laga zuten. Eta alderdiko Hirigintza Batzordeko lehendakari Elias Olaldek eta Amaia Zuazo Kultura arduradunak ere baztertu egin zuten. Beraz, adostu genuen foru aldundiak ordainduko zuela zaharberritze proiektua eta ni arduratuko nintzela sakristiako lanen jarraipena egiteaz. Bestela, ez litzateke obra gauzatuko.
Kalteen zergatia
Zaharberritze lanei ekiteko, diputazioak bi arkitekto izendatu zituen (Genoveva eta Lasarte) eta haiek argitu zuten zergatik zegoen hain hondatua eta lizunez betea sakristia: bada, espazioa arnasik hartu gabe egon zen denbora batez, eta horrek eragin zituen kalteak. Aireztapenik ez zegoenez, hezetasun handia sortu zen, eta lizuna ere bai, ondorioz. Horra hor bi arkitektoek arazoaren muinaz eman zuten azalpena.
Berez, sakristiak bazuen goian leiho bat, arnasa hartzeko, baina leiho haren atzean elizako areto bat prestatu zuen Anes Arrinda parrokoak, haurrentzako zinema eta abar bertan eskaintzeko helburuz izugarrizko lana eginez. Eta, atzealdean gune hura atontzerakoan, goiko leihoa itxi egin zuten, sakristia aireztatzea galaraziz. Hura izan zen, hain zuzen, akats bakarra.
"Jose Ignacio Urbietak egin zituen berritze lanak. Bestalde, Eduardo Galarragak egin zituen igeltserotza-lanak, eta arotzak txurrukatarrak izan ziren"
Horiek hala, arkitektoen jarraibideak kontuan hartuta, leiho hura berriz ere zabaltzea izan zen lehenengo eginbeharra; Anes Arrindarekin hitz egin nuen, arazoa azaltzeko, eta hark erabakia onartu, arazorik gabe. Eta, leihoa askatzearekin batera, apaizen aulkiak dauden lekutik elizaren kanpoalderaino iritsiko zen hodi bat ere jarri zuten azpian, aireztapen-prozesua erabat bermatuta gera zedin.
Zaharberritze lanak Jose Ignacio Urbietak egin zituen; artista bat zen, denok ezagutzen genituen berak sortutako herriko buruhandiak eta erraldoiak ere, besteak beste, eta halako lan edo eginkizun bat bere gain hartzeko desiatzen zegoen. Gainera, proiektua lagungarria izango zen bere familia ugaria aurrera ateratzeko... Beraz, hari agindu nizkion lanak.
Sakristian zegoen material guztia klaustrora atera behar izan zuten lehenengo; pieza bakoitzari zenbaki bat jartzen zioten, banan-banan, gero nora itzuli eta non kokatu behar zuten jakiteko. Klaustroan laga zen dena, bertan lehor zedin, eta ondoren pieza guztiak barnizatu egin zituzten barrura eraman aurretik... Urbietak soldatu zuen guztia, eta izugarrizko lana izan zen.
Bestalde, herriko beste zenbait langilek ere parte hartu zuten prozesuan. Eduardo Galarragak egin zituen igeltserotza-lanak, adibidez, eta arotzak ere debarrak izan ziren, txurrukatarrak.
Lan handia egin zen sakristian eta zahar-berritze proiektuak garaiko 16 milioi pezetako kostua izan zuen; hori diru kopuru handia zen urte haietan.
Urtebetean
Zaharberritze lanak hasi eta bukatu zituzten, beraz, eta sakristiako lurra ere berritu zen. Esango nuke oso dotore geratu zela dena, eta hala egongo da oraindik ere.
"Izugarrizko lana izan zen eta oso dotore geratu zen guztia. Proiektuak garaiko 16 milioi pezetako kostua izan zuen"
Datak ere ondo gogoratzen ditut: lanei 1986an ekin zitzaien eta 1987an bukatu zen proiektua, azkar egin zen guztia. Hain justu, 1987ko otsailean, Imanol Murua diputatu nagusia eta Santiago Aizarna diputatu nagusi ohia Debara etorri ziren, kiroldegi berriari lehen harria jartzera eta, bide batez, meza entzun ondoren sakristia inauguratzera ere bai.
Sakristian bertan ginela, Muruak galdetu zidan nolatan ez nion Euskal Telebistari esan egun hartan Debara etortzeko, albistearen berri eman zezaten. Bada, ez nintzela gogoratu esan nion... Pena bat ez egin izana!
Urteak pasa dira ordutik, eta gai honi buruz idatzi diren zenbait albistek edo artikuluk datu okerrak eman dituzte. Horregatik partekatu nahi izan dut irakurleekin berritze lanei buruz dakidana, informazioa gorde eta gal ez dadin.