GUTUNA

"Palestinako erresistentzia babestu. Israeli eta bere konplizeei aurre egin!"

Berriketan 2024ko urr. 4a, 09:56

Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, manifestazioa egingo da bihar (urriak 5) Bilbon eta, horren harira, Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak gutuna igorri du Berriketan aldizkarira.

Urriaren 7an urtebete izango da palestinarren erresistentziak kontraerasora jo eta Israelgo estatu sionistak aurrekaririk gabeko oldarraldia hasi zuenetik. Ordutik, 40.000 palestinar inguru erail dituzte sionistek eta milaka izan dira zaurituak, desagertuak zein kanporatuak.

Estatu sionistaren jatorria ulertzeko XIX. mendeko Europara egin behar dugu atzera. Garai horietan, uzta txarra, izurria edota beste kalterik izanez gero, kristauek errua judutarrei egozten zieten eta funtsik gabeko akusazio xenofobo horiek bidea irekitzen zioten judutarren aurkako sarraskiari eta arpilatzeari. Horiek horrela, mendeetan zehar jasandako antisemitismoaren aurrean, 1896an Theodor Herzlek Palestinako lurrak erosi eta kolonizatzeko ideia zabaldu zuen bere idatzietan eta, horren ondorioz, areagotu egin ziren judutarren migrazio boladak Palestinako lurretara.

Nazio Batuen Erakundeak bitan banatu zituen Palestinako lurrak 1947an; %43 palestinarrentzat eta %57 sionistentzat. Banaketarekin desados, arabiarrek palestinarren eta sionisten arteko gerra hasi zuten, baina 1948an israeldarrek Israelgo Estatuaren independentzia aldarrikatu zuten. Ordutik, Israelgo Estatuak palestinarren errekurtso naturalak ustiatu, lurrak konfiskatu eta asentamendu kolonoak ezarri ditu.

Maila internazionalean bultzatutako bake akordioek erresistentzia palestinarra isilarazteko eta apaltzeko balio izan dute soilik, bakearen izenean Israelen izaera genozida ezkutatuz. Genozidio hau, aldiz, sistema kapitalistaren basakeriaren adierazpen gorena da.

Genozidioa salatu, palestinarren erresistentzia babestu eta mendebaldeko potentzien konplizitatea gaitzesteko, batu Palestinarekin Elkartasuna plataformak urriaren 5ean Bilbon egingo duen mobilizaziora!