2025eko udaberrian egingo dute Euskaraldia

Berriketan 2024ko urr. 2a, 09:32

Euskaraldiaren laugarren edizioa izango dena udaberrian egingo da (maiatzaren 15etik 25era). Pasa den ostegunean Euskaraldia ON! topaketa egin zuten Eibarren, "herritarren aktibazioan lehen pausoak emateko".

Euskal Herri osoko ekintzaile eta talde eragileak batu ziren Eibarren, Euskaltzaleen Topaguneak deituriko Euskaraldia ON! topaketan. 200 lagunetik gora elkartu ziren Coliseo antzokian: Euskaraldia posible egiten duten boluntarioak, euskara elkarteetako kideak, herritarrak, teknikariak... Ekitaldian, Euskara aktibatzaileen gida-liburua aurkeztu zuten, "Euskaraldia antolatu eta herriz herri herritarrak saretzeko" gida praktikoa. Horrez gain, herrien izen-ematea jada zabalik dela iragarri zuten. Izan ere, antolatzaileen arabera, "herrietako mugimendurik gabe Euskaraldia ez da posible izango".

"Konbentzituta nago handia dela herriz herri elkarrekin egitera goazena", adierazi zuen Irati Iciarrek, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, Euskaraldia "jendea aktibatzeko eta sartzeko tresna ezin hobea" izango dela gaineratzearekin batera: "Ahalik eta komunitate zabalena jarri nahi dugu dantzan euskararen alde".

Aktibatzaileen gida-liburua

Garazi Azkuek eta Goiatz Urkijok, Euskaraldiko komunikazio arduradunak eta koordinatzaileak, hurrenez hurren, aurtengo edizioak "gozatzeko, hunkitzeko eta ongi pasatzeko aukerak" izango dituela nabarmendu zuten ekitaldian, eta Kike Amonarrizek eta Manex Agirre Gorbeialdeko euskara teknikariak herritarrak aktibatzeko gakoak izan zituzten hizpide ondoren, Euskara aktibatzaileen gida-liburua aurkezterakoan. "Euskaraldiak ondutako gida praktikoa da, eta horrek emango ditu Euskaraldiaren mugimendua sortzeko, osatzeko, sarea irudikatzeko, ekintzak antolatzeko eta indarberritzeko hainbat gako".

Antolatzen hasteko deia

Ehunka herritan sortutako batzordeek "ahalbidetu" dute hasieratik Euskaraldia, antolatzaileen hitzetan, eta aurten ere horrela izatea espero dute; hala, elkartu eta antolatzen hasteko deia egin zuten, dagoeneko herriek izena emateko aukera dutela jakinarazita. Norbanakoen kasuan, berriz, martxoan zabalduko dute izen-ematea.