ELKARRIZKETA

Amaia Iriondo: "Sormen lanean zentratu nahi dut berriro; horretan buru-belarri jartzeko asmoa daukat"

Berriketan 2024ko urr. 10a, 12:35

Artista izatetik bizi ez den arren, arte eszenikoak eta musika biziki maite ditu Amaia Iriondok (Deba, 1996). Sormen esparru ezberdinetan aritzen da eta, agertokian oso gustura sentitzen bada ere, publikoarentzat ikusezinak diren bestelako lan batzuetan ere asko gozatzen duela dio. Besteak beste, irailean Donostian estreinatu berri den La Revoltosa zarzuelan parte hartu du, Encarna pertsonaia nagusia interpretatuz.

Amaia Iriondok txikitatik amesten zuen artista izatearekin, baina denborarekin ideia horrek indarra galdu zuen eta beste bide batzuetatik jarraitu zuen. Aitortu duenez, beranduxeago, bere bizitzako unerik zailenetako bati aurre egin behar izan zionean, hain justu, kantuak eman zion aurrera jarraitzeko grina. Musika ikasketekin segitu zuen kontserbatorioan eta bazirudien bere ibilbidea hortik bideratuko zuela, baina antzerki zaletasuna piztu, eta arte dramatikoa ikastea erabaki zuen gerora. Ordutik, hamaika saltsatan ibili da debarra: antzerkian, zarzuelan, telebistan, zineman...

Urteak daramatzazu arte eszenikoetan murgilduta. Noiztik edo nolatan hasi zinen esparru horretan?
Nik esango nuke betidanik izan dudala antzezpenerako grina. Musikari dagokionean, umetan hasi nituen musika ikasketak, beste askok bezala: oso txikia nintzela biolina jotzen hasi nintzen, gero gitarra jotzera pasa nintzen eta, ondoren, kantua azaldu zen nire bizitzan. Kantua, egia esan, nire bizitzako momentu kritiko batean agertu zen; aurrera egiteko oso lagungarria izan zen niretzat.

Non hasi zinen kantua ikasten? Deban bertan?
Bai, Debako Musika Eskolan hasi nintzen, Teresa Alberorekin. Eta, gutxien espero nuenean, Bilboko Juan Crisostomo Arriaga Musika Kontserbatoriorako hautaprobak egitea gomendatu zidan. Zeharo harrituta geratu nintzen, izan ere, inoiz ez nukeen pentsatuko nire ahotsagatik nabarmenduko nintzenik. Gaia aitarekin komentatu nuen eta berak, inolako zalantzarik gabe, musika ikastera animatu ninduen; beraz, mundu horretan murgiltzea erabaki nuen.

"Iruditu zitzaidan haurtzaroan artista izan nahi zuen Amaia hari bere bidea egiten utzi nahi banion, Dantzertin hasi beharko nuela ibilbidea"

Zenbat urte egin zenituen Bilboko kontserbatorioan?
Sei urtez aritu nintzen bertan ikasten. Baina, tamalez, ez nituen ikasketak amaitu; karrera bukatzeko seigarren maila egitea falta zait. Kontserbatorioan ikasten ari nintzen bitartean, Arte Eszenikoetako ikasketekin ere hasi nintzen eta... garai hartan ezinezkoa zitzaidan bi gauzak uztartzea.

Hortaz, bata edo bestea aukeratu behar izan zenuen?
Eraikin berean daude kontserbatorioa eta Dantzerti Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola eta, kontserbatorioko giro zorrotzetik eta zurrunetik harago, Dantzertin bestelako giro bat zegoela ikusi nuen. Iruditu zitzaidan haurtzaroan artista izan nahi zuen Amaia hari bere bidea egiten utzi nahi banion, Dantzertin hasi beharko nuela ibilbidea; horrek erakarri ninduen, hain zuzen. Eta begira nolakoa den bizitza. Kantagintzan nire ibilbidea hasi nuenean, uste nuen antzerkia ona izango zela nire curriculuma osatzeko, baina azkenean antzerkiak maitemindu egin ninduen. Eta horregatik erabaki nuen nire ibilbidea arlo horretara zuzentzea edo bideratzea.

La Revoltosa zarzuelan Encarna pertsonaia nagusia interpretatzen ikusi zaitugu, irailaren 14an eta 15ean, Victoria Eugenian. Nolako esperientzia izan da?
Victoria Eugenia bezalako antzoki garrantzitsu batean antzeztea plazera da beti. Oholtza sekulako profesionalekin partekatu ahal izan dut; ez bakarrik etxeko profesionalekin, baita kanpotik etorri direnekin ere, eta, egia esan, haiengandik asko ikasteko aukera izan dut. Esperientzia polita eta baliagarria izan da oro har. Bestalde, zarzuela ikustera etortzen den jendea oso-oso fidela da eta aretoa jendez beteta egon da oraingoan ere. Estreinaldiaren egunean, adibidez, bost aldiz irten behar izan ginen agertokira ikus-entzuleak agurtzera; publikoa pozez zoratzen zegoela esango nuke eta ikuskizunak berak ere oso kritika onak jaso ditu. Horiek hala, aje emozionalak luzaroan iraungo digula uste dut [irribarrez].

Ez da edonolako erronka izan, ezta?
Ez, Donostiako Sasibil elkarte lirikoak 25 urte betetzen ditu aurten eta, urteurrenaren harira, zarzuela obrarik arrakastatsuenak eskainiko ditu. La Revoltosa zarzuelan, esate baterako, ibilbide luzeko jendea ari da lanean eta horien artean jardun ahal izatea ikaragarria izan da niretzat. Arkaitz Mendoza musika zuzendaria, Joxean Garcia eszena zuzendaria eta Antonio Torres baritonoa daude, besteak beste, partaideen artean.

Eta nolatan sortu zaizu horrelako lan batean parte hartzeko aukera?
Behin baino gehiagotan izan dut Sasibilekin lan egiteko aukera eta, elkartean urtebete bakarrik daramadan arren, asko ikasi dut. Iaz Sasibili esker izan nuen zarzuela munduan debuta egiteko aukera; ez edonola, gainera, La Dolorosa obrako protagonista izan bainintzen. Pentsa zer ilusio egin zion gure aitari, Victoria Eugenia antzokiko hiru palkotarako sarrerak erosi baitzituen.

Noiz hasi zinen Sasibil elkartearekin elkarlanean?
Betidanik asko gustatu izan zait zarzuela eta, horrexegatik, Dantzertiko sarrera probetan zarzuela lan bat abestea erabaki nuen; interpretaziorako joko handia ematen duen genero musikala dela iruditzen zait. Garai hartako Dantzertiko zuzendari Ekaitz Gonzalezi asko gustatu zitzaion nire proba, eta, hain justu, Gonzalez Sasibileko kide ere bada. Horiek hala, urte batzuk beranduago, berak gonbidatu ninduen Sasibilen La Dolorosa obraren castingera aurkeztera eta, proba gainditu ostean, Nicasiaren papera egin nuen.

"Iaz Sasibili esker izan nuen zarzuela munduan debuta egiteko aukera; ez edonola, gainera, La Dolorosa obrako protagonista izan bainintzen"

Zarzuelarekin lotutako beste proiektu batzuetan ere parte hartu izan duzu azken urteotan, ezta?
Bai, La corte del faraon zarzuelan parte hartu nuen, adibidez, paper txiki bat eginez. Eta, horrez gain, errejidore lanetan, argiztapen kontuetan... ere ibili izan naiz Sasibilekin. Bestalde, uztailean Donostiako Musika Hamabostalditik ere deitu zidaten eta Carmen operan argiztapen lanetan aritu nintzen. Egia esan, esperientzia zoragarria izan zen, maila profesionalean sekula izan dudan onenetarikoa.

Beste arlo artistiko batzuk ere ezagutu edo landu dituzu.
Ikus-entzunezkoei dagokienean, Las pelotaris 1926 telesailean rol txiki bat jokatu dut, eta publizitatean pare bat kanpainatan parte hartzeko aukera ere izan dut. Baina esango nuke ikus-entzunezkoen arloan lan gehiago egin dudala produkzio lanetan interpretazioan baino; besteak beste, Itxaso telesailaren ekoizpenean parte hartu nuen. Orokorrean, bestalde, uste dut nire burua antzerkira bideratuta egon dela urteotan, eta ez hainbeste ikus-entzunezkoetara. Antzerkian lan asko egiteko aukera izan dut eta, gainera, nire konpainia propioa (Ibilka) izatea ere lortu nuen. Horri esker, sormen prozesu oso bat lantzeko eta bestelako gai batzuetan sakontzeko aukera sortu zitzaidan.

Eta antzerki konpainia propioarekin zer nolako lanak sortu edo taularatu zenituen?
Berez hiru lan sortu genituen, baina horietako bi bakarrik taularatu genituen. Tamalez, Goizetan gabon gure azken proiektua ezin izan genuen estreinatu. Lan polita zen, baina, zoritxarrez, ez genuen baliabide nahikorik lortu modu duin batean ekoizteko, eta pena bat izan da lana alde batera laga behar izatea. Antzezlanak gai serio bat (osasun mentalarena) lantzen zuen, umoretik, eta oso berezia zen niretzat. Gainera, sormen lan guztia neuk egin nuen: eszenografia, jantziteria, gidoia... dena. Ate asko jo nituen obra estreinatzeko ilusioz, baina erantzunik ez jasotzeak pixka bat desilusionatu ninduen. Lan horrekin Eszenabide bekaren finalera ere iritsi ginen, baina, zoritxarrez, lan bakarrak lortzen du beka eta gurea bigarren postuan gelditu zen. Gogorra egin zitzaidan, frustrazioa eragin zidan, eta oraingoz alboratuta daukat gaia.

Nolakoa izan zen antzezlan hori sortzeko prozesua?
Euskaraz sortu dudan lehenengo antzezlana izan da eta, egia esan, niretzat orain arte egin dudan lan prozesurik politena izan da. Behar artistiko batetik sortutako lana izan zen, baita mingarriena ere pertsonalki. Antzezlana autobiografia moduko bat ere bada, eta ez zen erraza izan nire barrua irekitzea eta hori guztia sormen lan batean irudikatzea eta jendaurrean aurkeztea; azken finean, sentitzen nuen guztia askatzeko eta adierazteko beste modu bat izan zen.

Atzera begiratuz gero, gauzak nahi bezala egin dituzula esango zenuke?
Galdera hori duela urtebete egin izan balidate, ezetz erantzungo nukeen. Orduan bestelakoa zen planteamendua, baina orain iruditzen zait nire bizitzak behar zuena aukeratu nuela; uneotan, nire ibilbide profesionalari baino lehentasun handiagoa eman nahi diot nire osasun mentalari, eta neu izateari. Egia esan, etxetik hurbil (Donostian) bizitzeak lasaitasun handia ematen dit eta zoriontsu naiz urtean egiten ditudan lau proiektuekin eta noizbehinka sortzen diren gauzatxoekin. Oreka moduko bat izatea lortu dut, eta ez zait burutik pasatu ere egiten oreka hori jokoan jartzea arrakasta lortzeko.

"Nire ibilbide profesionalari baino lehentasun handiagoa eman nahi diot nire osasun mentalari, eta neu izateari"

Posible da sormenari lotuta dagoen lanen bat ogibide izatea?
Oso zaila da eta beste lanpostu batzuk ere izan ditut. Txotxongiloen Tolosako Nazioarteko Zentroan egiten dut lan orain, antzerkigintzaren bueltan, baina pedagogia arloan.

Zer asmo duzu datozen hilabete edota urteetarako?
Iruñeko AGAO elkartearen eskutik, Pablo Sorozabalen Don Manolito zarzuelan Doña Candida pertsonaia nagusia interpretatuko dut; azaroaren bukaeran izango da emanaldia, Iruñeko Gayarre antzokian. Ekaitz Gonzalezi esker iritsi zait aukera hori ere; egia esan, asko zor diot Ekaitzi, ate asko zabaldu dizkit eta. Bestalde, urte berriarekin batera sormen lanean zentratu nahi dut berriro; horretan buru-belarri jartzeko asmoa daukat.