23 bikote lehiatuko dira Nesken Binakako XII. Pala Txapelketan

Berriketan 2024ko urr. 2a, 11:28

Antolatzaileak pozik azaldu dira txapelketak aurten izango duen parte hartzearekin eta "emozioz beteriko" norgehiagokak ikusteko aukera izango dela uste dute.

Abiatzear da Nesken Binakako XII. Pala Txapelketa-IX. Maite Etxeberria oroimenezkoa eta, Iruleak Emakume Pilotariak kirol klubeko kideek zehaztu dutenez, 23 bikotek parte hartuko dute lehian. "Hamar bikote lehen mailan ariko dira eta beste hamahiru, berriz, bigarrenean. Normalean, hogei bikoteren bueltan ibiltzen gara; beraz, aurten jokalari gehiago izanda, pozik gaude", azpimarratu dute.

Deba, Mutriku, Ondarroa, Elgoibar, Zumaia, Zarautz, Oiartzun, Zizurkil eta Andoaingo 46 emakumek osatzen dute jokalarien taldea eta "emozioz beteriko" norgehiagokak ikusteko aukera izango dela uste dute antolatzaileek. "Aurten aldaketak egin dituzte bikoteen osaketan eta txapelketan partida politak eta orekatuak aurreikusten ditugu".

Egutegia ere zehaztuta dago. Bihar (urriak 3) izango da lehen hitzordua eta, dena ondo bidean, abenduaren 14an egingo da finala. Partidak ostegun (19:00etatik aurrera) eta igande (10:00etatik aurrera) guztietan jokatuko dira.

Honakoak dira aste honetarako iragarrita dauden partidak:

  • Urriak 3, osteguna
    • 19:00. Ana Egaña-Mariana Baud (Zumaia) / Maialen Rosa-Naroa Rosa (Deba)
    • 19:30. Arantza Atxurra-Jaione Peña (Ondarroa-Mutriku) / Aloña Otegi-Aintzane Etxabe (Zumaia)
    • 20:00. Arrate de Marcos-Jone Gomez (Deba) / Onintza C.Sukia-Oihana Lazkano (Deba)
  • Urriak 6, igandea
    • 10:00. Arrate de Marcos-Jone Gomez (Deba) / Maddi Ciaran-Ainitze Agirrezabala (Deba)
    • 10:30. Eneritz Mitxelena-Naiara Mitxelena (Oiartzun) / Edurne Osa-Amaia Gonzalez (Zizurkil-Andoain)
    • 11:00. Maider Blasco-Nerea Blasco (Deba) / Amaia Arozena-Itzale Laka (Deba)