Zabalik dago Mintzalaguna egitasmoan izena emateko epea

Berriketan 2024ko urr. 8a, 10:00

Ikasturtea hastearekin batera, Euskal Herriko mintzalagunen taldeak ere martxan jarri dira berriz. Zuhatza Euskara Elkarteak kudeatzen du ekimena Deban, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean, eta, azaldu dutenez, zabalik dago 2024-2025 ikasturterako izen-ematea.

Egitasmoaren funtzionamendua oso sinplea da: euskaraz ondo moldatzen den pertsona bat (bidelaguna) hizkuntza maila hobetu nahi duten bizpahiru lagunekin (bidelariak) elkartzen da. Maiztasuna, normalean, asterokoa izaten da. Egitasmoaren arduradunek bidelariak ez ezik, bidelagunak ere gonbidatu dituzte ekimenean parte hartzera. Azpimarratu dutenez, euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea dira parte hartzeko baldintza bakarrak.

Zuhatza Euskara Elkartearen bulegoan, koordinatzailea@zuhatza.com helbide elektronikora idatzita edo labur.eus/Zuhatza_Deba helbidean sartuta eman daiteke izena. Gogorarazi dutenez, herritar boluntarioei esker, doakoa da egitasmoa. "Informazio gehiagorako, deitu 943 19 13 83 telefono zenbakira".