Zabalik dago euskara ikasi edota UEUko ikastaroren bat egin dutenentzako dirulaguntzen deialdia

Berriketan 2024ko irailaren 27a

18 eta 25 urte bitarteko ikasleak, langabeak eta erretiratuak dira deialdiko onuradunak eta, zehaztu dutenez, DEBABE Udal Euskaltegien Mankomunitatearen bekarik jaso ez badute banatuko zaizkie dirulaguntzak.

Debako Udalak 2023-2024 ikasturtean euskara ikasteko ikastaroak egin dituzten edota UEUk antolatutako ikastaroren batean parte hartu duten pertsonei zuzenduriko dirulaguntza deialdia zabaldu du.

Honakoak dira ezarri diren baldintzak:

  • Egindako ikastaroaren (dela aurrez aurrezkoa dela Internet bidezkoa) maila gainditzea. EGAren kasuan, maila gainditu ez dutenek irakaslearen aldeko txostena aurkeztea ezinbestekoa izango da.
  • Asistentzia. %85etik gorako asistentzia eskatzen da ohiko ikastaroetan eta %100eko asistentzia, barnetegietan eta UEUko ikastaroetan.
  • Ikastaroek 2023ko irailetik 2024ko irailera bitartean burututakoak izan behar dute. Onuradunak, gainera, ikastaroa egiten ari den bitartean Deban erroldatuta egon dela ziurtatu beharko du.
  • Dokumentazio osagarria. Ikastaroa egin bitartean, langabezian egon izanaren ziurtagiria, erretiro egiaztagiria edo , hala badagokio, ikasle agiria.

Eskaera orriak udaletxean daude eskuragarri. Interesa duten herritarrek Debako Udaleko Sarrera Erregistroan aurkeztu beharko dute eskaera, eskatutako dokumentazio guztiarekin batera. Urriaren 15a da horretarako azken eguna.