Udako atsedenaldiaren ostean, urriaren 1ean hasiko da berriro martxan Ostolaza udal liburutegiak antolatzen duen Irakurketa Kluba. Lehenengo saio horretan, eta Ainhoa Aldazabalen gidaritzapean, Gloria Steinemenek idatzitako Mi vida en la carretera (Alpha Decay, 2021) liburuari buruz hitz egiteko batuko dira irakurzaleak.
Urriaren 30ean izango da hurrengo saioa. Antolatzaileek iragarri dutenez, Asier Serranok dinamizatutako saioan, Art Spiegelmanen Maus: bizirik irtendako baten kontakizuna (Astiberri, 2022) lana izango dute hizpide. Azaroaren 26an, Ainhoa Aldazabalek gidatuko du Sibilla Aleramonen Una mujer eleberriari buruzko solasaldia. Azaroaren 27an izango da urte honetako azken saioa. Asier Serranoren gidaritzapean, Ramon Saizarbitoriaren Gudari zaharraren gerra, Bi bihotz, hilobi bat eta Asaba zaharren baratzean lanak aztertuko dituzte.
19:00etatik 20:30ak bitartean izaten dira saio guztiak eta gogorarazi dute egitasmoa irakurtzeko zaletasuna duen edonori dagoela zabalik. Horrekin batera, landuko den liburua norberak ekarri beharko duela ere jakinarazi dute. Egitasmoa 16 urtetik gorakoentzat dago gomendatuta, eta bertan parte hartzeko interesa dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute.
Horretarako hiru bide jarri dituzte: udal liburutegira bertaratuta, 943 19 25 60 edo 697 444 074 telefono zenbakietara deituta edo ostolaza@deba.eus posta elektronikora idatzita.