Boluntarioak behar dira Euskal Jaiko herri bazkarirako

Berriketan 2024ko ira. 23a, 12:45

600 bat lagunentzako lekua egongo da beste behin ere Aldats pilotalekuan egingo den bazkari herrikoian. Guztia txukun irten dadin, antolaketa lanetan aritzeko boluntarioak beharko direla azaldu dute aurten ere antolatzaileek; laguntzeko aukera ezberdinak izango dira.

Zuhatza Euskara Elkartearen ekimenez, beste behin ere bazkari herrikoia egingo da Euskal Jaiaren baitan. Larunbateko (irailak 28) hitzordua aurrera atera ahal izateko laguntzaileak beharko dituztela jakinarazi dute eta, hortaz, herri bazkaria egiteak dakartzan zereginak zehaztu eta horiek txandatan banatu dituzte, herritarrei laguntzaile gisa jarduteko aukera ezberdinak eskainiz.

Pilotalekua atontzeko, sukaldean laguntzeko, Zuhatzaren zozketako txartelak saltzeko, txosnan lana egiteko edota txosna desmuntatzeko txandak antolatu dituzte (honako estekan dago ikusgai eginbeharren zerrenda). Boluntario bezala parte hartu nahi dutenek 688 840 308 telefono zenbakira deitu edo idatzi dezakete.

Bestalde, adierazi dute 600 lagunentzako lekua egongo dela Aldats pilotalekuan, eta egunean bertan erreserbatu beharko dela lekua, paella janerako txartela eduki ala ez, 09:30etik aurrera. "Kuadrilla bakoitzak nork bere aulkiak eta mahaiak jarri beharko ditu, erreserba egiterakoan". Pilotalekua txukun mantentzea herritar guztien ardura dela ere gogorarazi dute.