XIX. Tene Mujika bekaren eskabideak aurkezteko epea zabalik dagoela jakinarazi dute Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak. Beka, gainera, berritasunekin dator aurten. 6.000 eurotik 8.000ra zabaldu dute bertara bideratzen den dirulaguntza; irabazleak, beraz, beste urte batzuetan baino 2.000 euro gehiago lortzeko aukera izango du.
Antolatzaileek azaldu dutenez, gure herrian azken 60-70 urteetan izandako pertsona, talde, gertaera edo mugimendu garrantzitsuen bizitzan sakonduko duten euskarazko lanak sortzera zuzenduta dago beka. Besteak beste, honako modalitateak daude onartuak: biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak edo ikerketak. "Eduki aldetik, idatziak ezin du fikziozkoa izan, baina garapenean lanketa literarioa egitea posible da. Lanek, noski, originalak eta argitaragabeak izan behar dute".
Deialdian jaso dutenez, abenduaren 9a da proiektuak aurkezteko azken eguna. Horiek euskara@deba.eus helbide elektronikora bidaltzeko eskatu dute. Mezuan, gainera, idazlearen curriculum labur bat, proiektuaren deskribapen bat (hiru eta sei orrialde artekoa) eta lagin bat (hamabost eta 20 orrialde artekoa) txertatu beharko dira.