Urtero legez, Marmitako Lehiaketa izango da larunbatean (irailak 28) ospatuko den Euskal Jaiaren egitarauaren baitan. Antolakuntzak jakitera eman duenez, 10:00etan jarriko dituzte mahaiak Plaza Zaharrean eta, horiek ipini ondoren, lehiaketan parte hartzeko izena emanda dauden taldeak marmitakoa prestatzen hasi ahalko dira.
Parte hartzaileek marmitakoa prestatzeko izango duten gehienezko denbora (lau ordu eta erdi) ere zehaztu du antolakuntzak. “14:30ean, marmitako plater bat aurkeztu beharko da, Plaza Zaharrean bertan”. Bestalde, osagaiak eta marmitakoa prestatzeko tresnak parte hartzaileen kontura izango dira. Hau da, nork bere sua, kazolak, hegaluzea eta patatak eraman beharko ditu.
Izen-ematea
Lehiaketan parte hartzeko interesa duten kuadrillek turismo bulegoan izena eman dezakete; osteguna (irailak 26) da horretarako azken eguna. Zalantzak argitu edo informazio gehiagorako 943 19 24 52 telefono zenbakira deitu daiteke.