Hasi da ikasturte berria eta, horrekin batera, Debako Gaztelekuak ere ohiko jardunari helduko dio. Udal iturriek jakinarazi dutenez, bihar (irailak 20) arratsaldean irekiko ditu ateak; 17:00etan ekingo zaio 2024-2025 ikasturteari.
Azpimarratu dutenez, zerbitzuak, urtero bezala, 12 eta 17 urte bitarteko nerabeei eta gazteei zuzendutako elkargune eta aisialdi-ingurune inklusiboa eskainiko du, hezitzaile profesionalen talde batek gainbegiratuta. "Jarduera eskaintza zabal baten bidez, Gaztelekuak nerabeen garapen pertsonala eta soziala sustatzen du, harremanak izateko, ikasteko eta aisialdiaz gozatzeko leku seguru eta erosoa bermatuz".
Espazioa urte osoz egongo da zabalik eta, hasiera batean, honakoa izango da ordutegia: asteartetik ostegunera, 17:00etatik 19:00etara; eta, ostiraletik igandera, jaiegunetan eta jai bezperetan, 17:00etatik 20:30era. Zerbitzua ere duela gutxi esleitu dela azaldu dute udal iturriek eta, zehaztu dutenez, Zehar Heziketa eta Programak elkarteak jarraituko du zerbitzua eskaintzen.
Gurasoentzako ate irekien jardunaldiak
Erabiltzaileen gurasoek eta tutoreek espazioa eta honen funtzionamendua ezagutzeko aukera izan dezaten, aldiz, ate irekien jardunaldi batzuk ere antolatu dituzte. Irailaren 24tik 26ra izango dira hitzorduok, 17:00etatik 18:30era. "Jardunaldi horietan, gurasoek bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte instalazioak, profesional-taldea eta seme-alabentzako antolatu dugun jarduera-eskaintza zabala".
Informazio gehiagorako 943 19 27 62 telefono zenbakira deitu edo debakogaztelekua2@gmail.com helbide elektronikora idatzi daiteke.