Aurreko urteotako dinamikari eutsita, Zuhatza Euskara Elkarteak edukiko du irailaren 28an ospatuko den Euskal Jaiko herri bazkaria antolatzeko ardura. Aurten ere, 600 lagunentzako lekua egongo da Aldats pilotalekuan, eta egunean bertan erreserbatu beharko da lekua, 09:30etik aurrera. Zehaztu dutenez, kuadrilla bakoitzetik prestaketa lanetan laguntzeko bina lagun etortzea eskatzen da.
Norberak bere janaria eramateko aukera edukiko du, baina nahiago dutenek euskara elkarteko kideek sukaldatutako paella platerak jateko aukera izango dute; iragarri dutenez, oilaskoarekin eta untxiarekin edo barazkiekin egindako paellak prestatuko dituzte. Paella janerako txartelak bihar, asteartea (irailak 17) ipiniko dituzte salgai, 10 euroren truke. “Prezio horren barruan ogia ere sartzen da”.
Txartelak berandu baino lehen erosteko gomendatu dute, 350 txartel ipiniko dituzte salgai eta.Txartelak eskuratzeko bi era daude. Ohi modura, Zuhatza Euskara Elkartearen bulegoan (Ifar kalea 12, behea) eskura daitezke, honako ordutegian: bihartik aurrera, 09:30etik 13:00etara. Nahiago dutenek, Internet bidez erosteko aukera ere izango dute, ondorengo esteka erabiliz: www.labur.eus/debaeuskaljaia2024 .
Aurten ere txosna ipiniko dute euskara elkartekoek, eta edaria bertan kontsumitzea eskatu dute. “Kupelik ez da egongo aurten, baina txosnan sagardoa, ardoa, garagardoa, ura, freskagarriak eta kopak egongo dira aukeran”.