Bihar amaitzen da Nesken Binakako XII. Pala Txapelketan izena emateko epea

Berriketan 2024ko ira. 13a, 11:15

Txapelketa urritik abendura bitarte jokatuko da Aldats pilotalekuan. 16 urtetik gorakoentzat egin dute deialdia.

Urtero bezala, binakako pala txapelketa antolatu du herriko Iruleak Emakume Pilotariak kirol klubak. Txapelketa antolatzen duten hamabigarren aldia izango da aurtengoa eta azken urteotan bezala, bi maila egongo dira aukeran: 1. maila eta 2. maila.

16 urtetik gorakoentzat egin dute deialdia eta interesa duten palistek larunbata (irailak 14) arteko epea izango dute izena emateko. Zehaztu dutenez, 685 75 50 74 telefono zenbakira deitu edo idatzi beharko dute interesa dutenek, eta 30 euroko kuota ordaindu bikoteko. Izena ematerakoan, gainera, zein mailatan lehiatu nahi den ere zehaztu beharko da. Hori bai, ohartarazi dute bikote orekatuak osatze aldera, horiek ezingo direla bi palista federatuz osatuta egon.

Antolatzaileek iragarri dutenez, urrian, azaroan eta abenduan jokatuko dute txapelketa. "Partidak ostegun eta igande guztietan izango dira, abenduaren 8an izan ezik".