Antolatzaileek jakinarazi bezala, abiatzear den ikastaroa 16 urtetik gorako emakumeei* zuzendua dago eta, bertan, surfari buruzko oinarrizko ezagupenak lortuko dituzte parte hartzaileek, ur kirolez gozatu ahal izateko "konfiantza, ahalduntzea eta autonomia bereganatzeko" aukera izango baitute.
Irailaren 16an hasiko da ikastaroa eta sei astez luzatuko da, urriaren 27ra arte. Bi maila egongo dira aukeran (partaideen ezagutza mailaren araberakoak), eta ostiraletan egingo dira saio guztiak (15:00etan 2. mailakoak ariko dira; 17:00etan, aldiz, 1. mailakoak). Gehienez ere sei lagun egongo dira talde bakoitzean.
Ikastaroa egin ahal izateko, 163 euro ordaindu beharko dira (asegurua barne). Nolanahi ere, deskontu ezberdinak izateko aukera ere badago: langabezian dauden emakumeentzat* eta 60 urtetik gorakoentzat, adibidez, deskontua %30ekoa izango da; eta egoera ahulean dauden emakumeentzat*, aldiz, %100ekoa (DBE/RGI laguntzen onuradunak, indarkeria matxista jasan dutenak... gehienez ere sei lagun).
Gaur (irailak 12) da izena emateko azken eguna. Interesa dutenek turismo bulegora jo dezakete zuzenean, eta 943 19 24 52 telefono zenbakira deituta edo turismoa@deba.eus helbidera idatzita ere egin daiteke izen-ematea. Informazio gehiago (eta izen-emate orria) hemen.