Irailaren 21ean (larunbata) ospatuko duten Arrano Egunaren egitaraua goizean hasiko da, Urkamendira egingo duten mendi irteerarekin. 09:00etan ekingo diote ibilaldiari, elkartetik bertatik abiatuta.
Eguerdi partean, berriz, trikipoteoa egingo da kalez kale (13:30ean hasita), eta herri bazkaria izango da gero Arrano elkartean (15:00etan). Eta, eguna biribiltzeko, musika izango da protagonista iluntze partean, bi kontzertu izango baitira zumardiko karpan. Fermin Balentzia abeslari nafarra ariko da lehenik oholtzan (19:30ean), eta hari Skabidean talde iruindarrak hartuko dio gero lekukoa. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, gainera, Skabideanek Hau errepikaezina izan da disko berria aurkeztuko du Deban egingo duen emanaldian.
Sarrerak salgai
Egitarauaren berri ematearekin batera, herri bazkarirako eta musika kontzertuetarako sarrerak dagoeneko salgai daudela ere iragarri dute Arrano Elkarteko kideek. Bazkarira joateko txartelak Arkatza liburu-dendan edota Arrano elkartean bertan (astelehenetik ostiralera, 19:00etatik 20:00etara) eskura daitezke, 20 euroan. Musika kontzertuak ikusteko sarrerak, berriz, Arkatzan egongo dira salgai (5 euroren truke) eta, aldez aurretik guztiak saltzen ez badira, egunean bertan ere salduko dituzte.