Nazioarteko lehiaketari dagokion sari banaketarekin eta Anariren kontzertuarekin eta Mario Azurza DJ-aren emanaldiarekin eman zitzaion amaiera larunbatean Debako Animadebaren 17. edizioari. Irailaren 4tik 7ra bitartean ospatu da animazio jaialdia eta, eguraldiak askorik lagundu ez duen arren, aurtengoa izan da orain arteko "jendetsuena", antolatzaileen esanetan.
Gogorarazi dutenez, 83 herrialdetako 1.200 film labur jaso ditu aurten jaialdiak, eta horietatik 22 aukeratu dituzte lehiaketan parte hartzeko; hautatutako film horietatik hamar Sail Ofizialean lehiatu dira eta beste hainbeste EHU Zuzendari Berriak Sailean.
Bada, Michael Granberryren Les bêtes (Erresuma Batua, 2024) izan da garaile Sail Ofizialean. Carla Melo Gampert zinemagilearen La perra (Kolonbia, 2024) filmak irabazi du gidoi onenaren saria, eta epaimahaiaren aipamen berezia, berriz, Anna Sammoren The Wild-Tempered Clavier (Alemania, 2024) lanarentzat izan da. Publikoak Les pieds dans l`eau filma saritu du.
Zuzendari Berriak Sailean, Mansi Maheshwariren Bunnyhod lanak (Erresuma Batua, 2024) irabazi du EHU sari nagusia, eta epaimahaiak Cheyenne Goudswaard-en Ik ben hier-I am here filmari (Herbehereak, 2023) eman dio aipamen berezia.
Work In Progress deritzon sailean, bestalde, WIP profesionalak proiektu onenaren saria Anna Pantinanten eta Sergi Sanchezen Extasis del no lanak irabazi du. Elia Serranok lortu du WIP talentu berriak proiektu onenaren saria Tarta filmarekin. Berria Saria, azkenik, Marramiau sorkuntza taldeak irabazi du, Argizagi lanari esker.
Halaber, jaialdiaren baitan, Isabel Herguerak EITB saria jaso zuen ostiralean (irailak 6), EITBko Kultura eta Euskara zuzendari Vanesa Fernandezen eskutik. Galaren baitan Hergueraren El Sueño de la Sultana film luzea eta La Mujer Ilustrada film laburra ere proiektatu zituzten.