Ikasturteari hasiera emateko mendi irteera bateratua antolatu dute Debako Burdin Kurutz Mendi Taldeak, Mutrikuko Burumendi Mendizale Elkarteak, Ondarroako Aurrera Mendi Taldeak eta Markina-Xemeingo Artibai Mendigoizale Taldeak. Antolatzaileek iragarri dutenez, ikasturteko lehen txangoa igandean (irailak 8) izango da eta Ezkabako Ihesaren hirugarren etapa egiteko aprobetxatuko dute.
Saigotsetik abiatu eta GR 225 bidea jarraituta, 15,75 kilometroko ibilaldia egitea proposatu dute antolatzaileek eta, jakinarazi dutenez, mendizaleek 685 metroko desnibel positiboa eta 419 desnibel negatiboa gainditu beharko dituzte Sorogainera iritsi bitartean.
Irteeran parte hartzeko interesa dutenek burdinkurutz@gmail.com posta elektronikora idatzita izena eman dezakete; horretarako azken eguna osteguna (irailak 5) da. Irteeraren prezioa 17 eurokoa da bazkideentzat, eta 19 eurokoa gainerakoentzat. Prezio horren barruan garraioa sartzen dela esan dute. Ohi modura, autobus zerbitzua ere egongo da; igandean, 08:00etan abiatuko da autobusa estalitako pasealekutik.