Animadebaren arduradunek eta sustatzaileek atzo (irailak 2) aurkeztu zituzten 17. jaialdiaren berrikuntza guztiak Donostiako San Telmo museoan egindako prentsa agerraldian. Berritasunen artean, EITB Gala ospatuko dela azpimarratu zuten. Euskal Herriko animaziozko zinema ikustarazi eta saritzeko espazio bat izango da ostiralean (irailak 6) 22:00etan hasiko den hitzordua eta, iragarri dutenez, Isabel Herguera zinemagile donostiarrak jasoko du bertan banatuko den EITB saria. "Galaren baitan Hergueraren El Sueño de la Sultana film luzea eta La Mujer Ilustrada film laburra ere proiektatuko dira".
Nazioarteko Film Laburren Lehiaketan, bestalde, munduko 83 herrialdetako 1.200 film labur jaso dituzte aurten eta horietatik 22 hautatu dituzte aurtengo lehiaketan parte hartzeko. Hautatutako film horietatik hamar Sail Ofizialean lehiatuko dira eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, filmez gozatzeaz gain, zinemagileekin hitz egiteko aukera ere izango da. Tartean, Euskal Herriko Uniko ekoiztetxearen To bird or not to bird lana proiektatuko dute. Era berean, EHU Zuzendari Berriak sailean, beste hamar film labur arituko dira lehian. Kasu horretan, ibilbidea hasten ari diren zinemagileen lanez gozatzen aukera izango dute ikus-entzuleek.
Honako egunetan egingo dira film horien proiekzioak:
- Sail Nagusia I. Irailak 6, 19:00etan, Kutxa Zurian.
- Sail Nagusia II. Irailak 7, 19:00etan, Kutxa Zurian.
- EHU Zuzendari Berriak. Irailak 5, 19:00etan, Kutxa Zurian.
- Lanak primizian ikusi nahi izanez gero. Gaur (irailak 3), 18:00etan, Donostiako San Telmo Museoan.
Urtero bezala, lehiaketaz kanpo beste hainbat lan ikusteko aukera egongo da. Aurten, esaterako, Panorama sailaren baitan, animazio munduko lan azpimarragarri batzuen bilduma ikusteko aukera izango da. Antolatzaileek iragarri dutenez, Death Whistle musika taldearekin batera, animazioa eta musika uztartuko dituen ikuskizun bat eskainiko dute.
Era berean, haur zein gazteentzako film luzeen programazioaren zati handi bat izango dela esan dute. Slocum et moi film luzea, esaterako, Animadeban estreinatuko da. Duela gutxi estreinatutako Robotia film luzea ere Deban ikusteko aukera egongo da, baita aurten oscar sarietara izendatuta egon zen Robot Dreams film luzea ere. Programazioaren barruan, gainera, Animadeba Lab laborategia ere antolatu dute, Work In Progress, Case study (solasaldi eta tailerrez osatutako bideo-jokoen kasu azterketa).
Paraleloan, bestetik, kontzertu, ikuskizun eta beste hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera ere izango da. Besteak beste, Anari kantuan izango da larunbateko (irailak 7) sari banaketa galan eta Esanezin taldeak ere emanaldia eskainiko du irailaren 4an. Umorearentzako tartea ere izango da, Albina Stardustek eta Divina Comediak girotutako bingoan.
[Hona hemen aurtengo EGITARAUA]