Abuztuaren 14an lehertuko da festa, 18:00etan egingo den txupinazoaren jaurtiketarekin. Aurten, Aitzuri Abesbatzak piztuko du suziria, bere 30. urtemugaren aitortza gisa. Ondoren, Debako kaleak alaituz kalejira izango da musika bandarekin, txistulariekin, Lizarrako gaiteroekin, erraldoiekin eta buruhandiekin. Ozio-Bide taldeak antolatutako danborradarekin eta Mugi Panderoa taldearen berbenarekin amaituko da eguna.
Abuztuaren 15ean, berriz, Umeen Eguna izango da, horientzako jarduera bereziekin. Besteak beste, haurrentzako entzierroa, jolasak, danborrada... izango dira aukeran. Eguna amaitzeko, erromeria izango da Plaza Zaharrean eta Herdoil, Malakias eta DJ Kerko taldeen kontzertuak zumardiko karpan. Abuztuaren 16an izango da jaietako egun handia: San Roke Eguna. Ohi bezala, entzierroarekin hasiko da eguna eta San Roke ermitaraino egingo den prozesioarekin jarraituko du festak. Eguna amaitzeko, su artifizialen ikuskizuna eta mariatxien emanaldia izango dira.
Abuztuaren 17an, aldiz, Marinel Eguna ospatuko da. Kuadrillen arteko jolasak eta larrain dantza herrikoia izango dira, besteak beste, eguneko osagai nagusiak. Eguna amaitzeko, J. Martinaren eta Duplaren kontzertuak izango dira zumardiko karpan. Abuztuaren 18an amaituko dira jaiak; entzierroa eta azken zekorketak izango dira aukeran. Eguna, gainera, duela gutxi zendutako Salvador Martinez Lizarrako gaiteroari omenaldia egiteko aprobetxatuko dute.