GURE GIRO

"Eskerrik asko gure kultur eszena saretzen lagundu duzuen guztioi"

Berriketan 2024ko abu. 2a, 09:31

Gaur gauean (abuztuak 2) emango zaio amaiera Gure Giro programazioaren bosgarren edizioari, Ibil Bedi musika taldeak zumardian emango duen kontzertuarekin. Egitaraua ixteko hitzordu bakar horren faltan, aurtengoak eman duenarekin pozik eta esker oneko azaldu dira antolatzaileak.

"6 aste, 27 jarduera eta oraingoz 3.600 ikus-entzule edo partaide baino gehiago". Datu horiekin laburbildu dute aurtengo Gure Giro kultur programazioak orain artean eman duena, egitaraua amaitzeko azken kontzertua egin aurretik.

Bosgarren edizioa izan du aurten Gure Girok eta antolatzaileak pozarren eta gustura daude egitarauak eman duenarekin. Hitzaldiak, bisita gidatuak, umorezko bakarrizketak, kontzertuak, haurrentzako ikuskizunak, dantza ikastaroak... bete-bete egon da asteotako agenda udalerrian, eta harrera beroa egin zaie antolatu diren askotariko ekintzei.

"Esker oneko hitzak besterik ez ditugu. Ederra da antolatutako ekimenetan hainbeste jende ikustea. Eta, gainera, horrelako programazio zabal bat aurrera ateratzeko jaso dugun babesarekin ere oso eskertuta gaude; 80 bat lagunek jardun dute boluntario lanetan eta horien guztien laguntzak ahalbidetu du Gure Giro aurrera eramatea. Beraz, eskerrik asko guzti-guztioi", nabarmendu dute.