Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan, Udako Kontzertuen 41. edizioa egingo da abuztuan Deban. Urtero ospatzen den ekitaldia Santa Maria elizan egingo da eta, antolatzaileek iragarri dutenez, musika munduko pertsona ospetsuek parte hartuko dute bertan. Gogorarazi dutenez, kontzertuetarako sarbidea doakoa izango da, "herritarrek kulturaz goza dezaten".
Ostiralean (abuztua 2) emango diote hasiera aurtengo egitarauari. Beñantxi Bilbaok eta Javier Artigasek organo emanaldia eskainiko dute elizan, 20:00etan; Guridiren, Moreno Torrobaren, Bretonen, Verdiren, Chapiren, Bizeten, Fernandez Caballeroren eta Gimenezen opera eta zarzuelako pieza klasikoak interpretatuko dituzte.
Abuztuaren 8an, berriz, Iñaki Salvador pianista ezagunaren txanda izango da. Euskal musika herrikoiaren moldaketekin eta Mikel Laboaren piezekin eskainiko du emanaldia, 20:00etan hasita. "Kontzertu honek Eduardo Chillidaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko ere balioko du, musikaren eta arte bisualen arteko elkargunea nabarmenduz".
'Ama Lur' filmaren proiekzioa
Abuztuaren 22an Santa Maria elizara bertaratzen direnek, aldiz, bestelako emanaldi batez gozatu ahal izango dutela zehaztu dute antolatzaileek. 20:00etatik aurrera, Nestor Basterretxeak eta Fernando Larruquetek 1968an zuzendutako Ama Lur filma proiektatuko dute; Javier Bello-Porturen musikarekin lagunduta proiektatuko dute filma. "Dokumental hau Euskal Herriari eta bere tradizioei eskainitako kantua da, eta Debak bere herentzia kultural aberatsa zaintzeko eta ospatzeko egiten dituen ekintzen artean proiektatuko da".
Abuztuaren 29an Aitor Garitano tenorrak eta Amaia Zipitria pianistak emango duten kontzertuarekin emango diote amaiera aurtengo egitarauari. 20:00etatik aurrera, Purcell, Handerl eta Mendelssohn musikagileen lanak interpretatuko dituzte, besteak beste; musika klasikoa eta garaikidea uztartuko ditu emanaldiak.