Aurrez Tolosaldeko ordezkariekin eta Donostialdea, Oarsoaldea, Bidasoa, Buruntzaldea, Urola Kosta eta Urola Erdiko udaletako ordezkariekin izandako bileren ondoren, Azahara Dominguez diputatuak hirugarren batzar bat egin berri du, oraingoan Goierriko, Debagoieneko eta Debabarreneko alkateekin, Lurraldebus zerbitzuan indarkeria matxistaren aurkako lehen protokoloa prestatzen jarraitzeko helburuarekin.
Bilkura joan den astean egin zuten, Elgoibarren. Bertan, Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxaga, Debako alkate Alazne Txurruka, Arrasateko alkate Maider Morras, Oñatiko alkate Izaro Elorza eta Segurako alkate Izarra Urdalleta izan ziren.
Horiek horrela, bilkuraren ondoren aldundiak zabaldutako oharrean, Azahara Dominguez diputatuak azaldu du protokoloaren helburua dela emakumeen segurtasuna bere osotasunean bermatzea: "Protokolo horrek barne hartzen du zerbitzuak eskaintzea autobusen barnean, geralekuetan eta haietarako sarbideetan –azken biak udalaren eskumenekoak dira–", erantsi baitu emakume elkarteekin eta emakumezko erabiltzaileekin batzartu ondoren baieztatu dutela "emakumeek jasandako segurtasunik gabeko une batzuk ibilgailutik kanpo" gertatzen direla.
Beraz, indarkeria matxistarik gabeko gune bilakatu nahi dituzte espazio horiek: "Beharrezkoa da garraio publikoa emakume guztientzako espazio seguru bat izatea, baita igo baino lehen ere. Horretarako, udalekin aritu behar dugu elkarlanean, denon artean emakumeen kontrako indarkeria mota guztiak ezabatzeko pausoak emateko", nabarmendu du diputatuak.
Erabiltzaileen datuak: hamarretik sei emakumeak
Era berean, erabiltzaileen datuen berri ere eman du Dominguezek, eta hamarretik sei emakumeak direla azaldu du. Bada, haietako batzuekin bildu da diputatua eta haiek ekarpenak egin dizkiote protokoloari. Horrez gain, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak autobusak erabiltzen dituzten emakumeei eskatu die 18 puntuko galdetegi erraz bat betetzeko, emakumeek garraio publikoa erabiltzen dutenean zer-nolako bizipenak dituzten ezagutzeko.
"Emakumeen aurkako indarkeria desberdintasun modu indartsuenetako bat da, eta erakunde publikoen eta eragile pribatuen konpromisoa behar da indarkeria hori desagerrarazteko bidean aurrera egiteko. Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentutik eskuz esku lan egin nahi dugu Lurraldebusen unibertsoa osatzen duten eragile guztiekin, langile zein erabiltzaile, eta zerbitzua ematen dugun udaletan, gizarteko esparru guztietan emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna lortzeko bidean aurrera jarraitzeko", adierazi du diputatuak. "Garraio publikoa pertsonen beharretara egokitu behar da, jakina, baina orobat beharrezkoa da gure emakumezko erabiltzaileak eroso eta seguru egotea garraio publikoa erabiltzen dutenean. Garraio publikoak jasangarria, erosoa, lehiakorra, irisgarria eta, jakina, segurua izan behar du erabiltzen duten pertsona guztientzat; izan ere, horrela bakarrik lortuko dugu erabiltzaile kopuruari eustea eta geroz eta gehiago izatea".