Debako Odol Emaileen Elkarteak odola emateko saio berri bat antolatu du eta, beste behin ere, bertan parte hartzeko deia egin die herritarrei. Urteko hirugarren saioa ostiralean (abuztuak 2) izango da, Luzaro ikastetxean; beti bezala, 16:30etik 20:30era bitartean ariko dira osasun arloko profesionalak lanean.
Antolakuntza lanak errazteko, ezinbestekoa da aurrez hitzordua hartzea. Interesa dutenek bi bide izango dituzte horretarako. Alde batetik, 612 40 21 03 telefono zenbakira deitu edo Whatsapp mezu bat bidali daiteke txanda hartzeko; osteguna (abuztuak 1) da izena emateko azken eguna. Bestetik, gotatanta.eus webgunean sartuta ere hartu ahal izango da txanda. Gaur (uztailak 29) zabaldu dute hitzordua erreserbatzeko aukera hori eta asteazkenean (uztailak 31) itxiko dutela iragarri dute.
Odol emaileen elkartetik gogorarazi dutenez, ez da aparteko baldintzarik bete behar odola emateko. Are gehiago, bertan lanean ariko diren osasungintzako profesionalek babes neurri guztiak hartuko dituztela gogorarazi dute; beraz, jendeari “lasai hurbiltzeko” eskatu diote.