Udalerriko talde feministarekin "lankidetza estuan", indarkeria matxistaren aurrean erantzun publiko instituzionala emateko protokoloa eguneratu du Debako Udalak. Tokiko erakundeko iturriek jakinarazi dutenez, eguneratutako testuaren helburu nagusia da indarkeria matxista kasuen aurrean erantzun "eraginkorragoa eta koordinatuagoa" ematea, biktimen babesa bermatuz eta genero-indarkeriaren mota guztiak desagerrarazteko lan eginez.
Protokolo eguneratuak esku-hartze publikorako irizpideak definitzen dituela esan dute. "Jarraipen eta ebaluazioa-prozedurak ezartzen ditu, eta biktimentzako laguntza eta babes-neurri espezifikoak zehazten ditu, besteak beste". Dokumentuaren ezaugarrien artean, halaber, erakundeen erantzunaren azkartasuna eta eraginkortasuna, indarkeriaren biktimak berriz ez biktimizatzeko komunikazio argia eta errespetuzkoa sustatzea edota biktimei berehalako laguntza lehenestea nagusitzen direla gaineratu dute.
Joan den uztailaren 23an egindako ohiko osoko bilkuran aho batez onartu zuen neurria udalbatzak eta, zehaztu dutenez, indarkeria matxista orok duen "larritasunaz" jabetuta gaurkotu dute araua. "2023-2027 Gobernu Planean jasota dagoen ekintza estrategikoa da hori eta horren bitartez, udal gobernuak indarkeria matxistaren aurka duen konpromiso irmoa berresten du". Azpimarratu dutenez, emakumeak eta LGTBIQA+ kolektiboa babesteko eta "gizarte bidezkoagoa eta berdinzaleagoa" sustatzeko aktiboki lan egiteko konpromisoa berretsi du udalak dokumentua eguneratuta.
Ildo horretan, honakoa adierazi du Alazne Txurruka alkateak: "Eguneratze honekin Debak urrats bat aurrera ematen du indarkeria matxistaren aurrera erantzun integrala eta eraginkorra bermatuko duen udal sendo eta koordinatu bat finkatzeko". Tokiko agintariak gaineratu duenez, berdintasunarekin alde "etengabe" jarraituko dute udaletik lanean, "indarkeria kasu bakoitzak merezi duen arreta eta erantzuna jasoko duela ziurtatuz".