Joan den apirilean hasitako ekimen berritzailearekin jarraituz, bilkura ibiltaria egin du gaurkoan (uztailak 23) Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak; Eider Mendoza diputatu nagusia buru dela, Deban egin dute laugarren bilkura ibiltaria. Asteartero legez, lurralde osora begirako hainbat neurri eta erabaki hartu dituzte foru gobernuko kideek.
Diputatuen Kontseiluaren aurretik, bestalde, lan-bilera bat egin dute diputatu nagusiak eta herriko alkateak; bi erakundeek partekatzen dituzten proiektuak aztertu eta herriko egitasmoei buruzko gogoetak partekatu dituzte bilera horretan. Besteren artean, Deban adineko pertsonen beharrei modu integralean erantzuteko Zaintza Ekosistema sortzeko abian den prozesuari buruz mintzatu dira.
Diputatu nagusiaren iritziz, tokiko ekosistemek "onura nabarmena" dute adinekoen zein zaintzaileen ongizatean
Diputatu nagusiak "txalotu" egin du Debako herria zentzu horretan egiten ari den lana eta, horrekin batera, tokiko Zaintza Ekosisteman modu aktiboan parte hartzen jarraitzera animatu ditu herriko eragileak eta, oro har, debarrak. "Lurralde osoko hainbat herritan tokiko ekosistemak sustatzen ari gara eta dagoeneko pilatzen ari garen esperientziak erakusten digu adineko pertsonen zaintzan, bizi kalitatean eta ongizate integralean oso inpaktu positiboa eragiten dutela, eta jauzi garrantzitsua eragiten dutela alor honetan".
Mendozak zehaztu duenez, Zaintza Herrilab proiektua abiarazi zenetik, lurraldeko hamabost herritan jarri dituzte martxan tokiko zaintza ekosistemak sortzeko prozesuak. Diputatu nagusiaren iritziz, tokiko ekosistemek "onura nabarmena" dute adinekoen zein zaintzaileen ongizatean eta, gaineratu duenez, atzeratu egiten dute egoitza batera sartzea ezinbestekoa gertatzen den adina. "Gipuzkoa lurralde aitzindaria izan da eta da pertsonen zaintzan. Etorkizunean hala izatea nahi dugu eta, Debakoa bezalako ekimenei esker, pertsonak erdigunean jarrita, lurraldeko zaintza eredua eraldatzen jarraitzen dugu".
"Lehentasunezkoa eta estrategikoa"
Zentzu horretan, zaintzen inguruko kezka Deban ere "nabarmena" dela gogorarazi du Alazne Txurruka alkateak. Adierazi duenez, "beharrezkoa" da zaintzaren inguruan hausnartzea eta zaintzen eredua aldatzea. "Horregatik, Zaintza Ekosistemaren eraketa lehentasunezkoa eta estrategikoa da guretzat, adinekoek eskura dituzten zerbitzuak eta euskarriak indartzeko eta haien beharrei modu proaktiboan, egokian eta sentikortasunez erantzuteko. Ekimen honen bidez, adinekoen zaintza gizarte osoaren mesederako erantzukizun partekatua dela erakutsi nahi dugu, kalitatezko zaintza bermatzeak nagusiengan ez ezik, horien senitartekoengan zein zaintzaileengan ere eragin zuzen eta positiboa duelako".
Kontseilu ibiltariaren ondoren, foru diputatuek herriko zenbait txoko esanguratsu bisitatu dituzte. Andre Maria elizan egin dute lehen geldialdia eta klaustroa ezagutzeko aukera ere izan dute bertan. Ondoren, Historiaurreko Bailararen hainbat xehetasunen berri ere izan dute alkatearen eskutik.