Ostiralean 'Tabuen kutxatik oholtzara' bertso saio musikatua izango da Iturri Ondoan

Berriketan 2024ko uzt. 24a, 11:05

Mari Seara debarrak Lekeition maiatzaren 3an egindako emanaldian parte hartu zuen.

Iñurri elkartearen eskutik datorren emanaldiak emango dio amaiera Iturri Ondoan egitasmoaren aurtengo egitarauari. Saioa 22:00etan izango da, Plaza Zaharrean.

"Gaur egun gizartearen ahotan eta mediatikoki hain ezaguna den gaixotasun honen atzean, orokorrean uste dena baino mundu zabalagoa dagoela ikusarazi nahi dugu, gaixotasunak inposatzen duen isiltasuna hautsiz, mamuak zokoratuz eta tabu diren gaiak azaleratuz". Horra hor, laburbilduta, ostiralean (uztailak 26) Iturri Ondoan izango den ikuskizunaren funtsa.

Inurri elkartearen eskutik, minbizia modu batera edo bestera jasatea tokatu zaienei laguntzeko eta gizartea sentsibilizatzeko helburua du emanaldiak. "Bularreko minbiziari lotutako estereotipoak gainditzeko ekarpen xume bat egin nahi genuke, gure esperientzia, ahotsa eta gorputza plazaratuz: bide batez esanda, urteetan ukatu zaion presentzia eta espazioa eskainiz, eta sortzen dituen emozioak azaleraziz; batzuetan serio, bestetan umorez, minbizitik biziminera", azaldu dute elkarteko kideek.

Uxue Alberdi, Nerea Ibarzabal, Ane Labaka eta Maider Arregi bertsolariak ariko dira agertokian, Amaia Agirrek jarritako gaiei erantzunez, eta Ixak Arruti eta Gari Otamendi musikariak ere izango dira saioan. Halaber, Inurri elkarteko Debako hainbat kidek ere emanaldian parte hartzeko asmoa dutela iragarri dute.

Bertso saio musikatu horrekin amaituko da aurtengo Iturri Ondoan egitasmoa. Antzerkia, literatura, kontzertua, bertsoak... Beste urte batez, askotariko ikuskizunak izan dira aukeran uztaileko ostiral gauetan.