Marea gora zikloaren baitan antolatutako hitzaldiarekin hasiko da aste honetako Gure Giroren eskaintza. Bihar (uztailak 24), 19:00etatik aurrera, Iñigo Mijangosek eta Amaia Iguaranek Migracion, frontera, mujer, juventud e infancia hitzaldia emango dute Kultur Elkartean. Debabarreneko Ikasten Esperientzia Eskolak aurten antolatutako hitzaldi sortako azken saioa izango da.
Hizlariek Mediterraneoan erreskate lanak egiten ari den SMH Itsas Salbamendu Humanitarioaren Aita Mari ontziaz jardungo dute; 2018az geroztik, 1.500 pertsona baino gehiago salbatu ditu eta 60.000 baino gehiago artatu. SMHk gobernuz kanpoko beste erakunde batzuekin elkarlanean jarduten du, giza eskubideen defentsan, eta errefuxiatuen krisiari buruzko hezkuntza eta sentsibilizazio jarduerak egiten dituzte.
Musika protagonista azken hitzorduetan
Bestalde, larunbatean (uztailak 27) binilo pintxada herrikoiak girotuko du Kultur Elkartea. Bi saio iragarri dituzte. Batetik, 12:30ean bermut sesioa izango da: herriko musikari eta musikazaleak blues, rock, soul, ska edota reggae estiloko biniloak jartzen arituko dira. Bestetik, 19:00etan arratsaldeko sesioa egingo dute, eta bertan rock-and-roll, punk eta metal estiloko musikaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek.
Aurtengo Gure Giro programazioa abuztuaren 2an amaituko da. Ibil Bedi musika talde nafarra ariko da zumardiko karpan, 22:00etatik aurrera. Kontzertua doan izango da, Zuhatza-Kolore Anitzen ekimenez.