Pistak agertu ziren arte, mendiko herri-bideak baserritarren komunikabide nagusiak izan ziren. Bide horiek baserriek behar zuten oinarrizko azpiegitura osatzen zuten; zerbitzu, belardi eta baso-ustiapen guztietarako erabiltzen ziren eta, gainera, auzoak, herriak, eliza, merkatua... lotzen zituzten, harremanetarako ezinbesteko izanik. Baserrietan zeuden behar horiei erantzun nahian sortu zen, hain zuzen, bide horietatik igarotzeko eskubidea, eta eskubide hori hitzez adosten zen. Hartara, gorputz-bide edo andabide bezala ezagutu izan dira. Orain, ordea, herri-bide asko beste gizarte mota baten beharretara egokitu dituzte eta gaur egun mendizaleek, ibiltariek, korrikalariek, ehiztariek eta abarrek erabiltzen dituzte.
Bide horietan jende pilaketak izaten dira, eta portaera desegokiak sarritan: zikinkeria utzi, txakurrak aske eraman, atazak irekita laga... Ondorioz, zenbait baserritarrek beren bizimoldearen aurkako eraso zuzen bezala hartzen dituzte horrelako jokabideak. Eta mendizaleek mota askotako oztopoak aurkitzen dituzte herri-bide horietan; itxiturak, mastinak libre baserri aurretik pasatzean, PR ibilbideetako markak ezabatuta eta abar.
Eremu pribatuak izan arren, bertatik ibiltzeko eskubidea dute mendizaleek eta hiritar guztiek, betiere mendiko abereak errespetatuz, bideetako ateak itxiz, gure txakurrak behar bezala zainduz, sortzen dugun zaborra geurekin etxera eramanez, eta ingurua eta natura errespetatuz.
"Eremu pribatuak izan arren, bertatik ibiltzeko eskubidea dute mendizaleek eta hiritar guztiek, betiere ingurua eta natura errespetatuz"
Mendi-bideen erabilerak sor ditzakeen arazoak saihesteko, hainbat herritako udalek antzinako idazlanetan, testigantzetan, tradizioan, ohituretan eta dokumentuetan oinarritutako herri-bideen katalogoak egin dituzte. Debako Udalak 2016ko abenduaren 20an egin eta onartu zuen lehen eta bigarren mailako ibilbideen inbentarioa. Bertan agertzen da non dauden eta nondik nora doazen gaur egun Debako eta Itziarko herri-bideak. Eta herri-bideak bai... Baina mendi gailurretara igotzeko bideak? Horiek ez daude katalogatuta. Eta orduan? Bada, horretarako, 2015ean Eusko Legebiltzarrak onartutako legearen barnean (5/2015 legea, ekainaren 25ekoa, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzkoa) honakoa ebazten dute:
15. artikulua: “Jabeak eskubidea du bere edukitzapeko landa ixteko, baina ezin du eragotzi gizabanakoak bertatik igarotzea irabazirik gabeko erabilera dela eta, gizabanako horiek ez badute inongo ibilgailurik baliatzen. Norbaitek eskubide hori erabiltzen badu, landaketak errespetatu beharko ditu, eta, kalteak eraginez gero, kalte-ordaina eman beharko du”.
Lege horren artikuluak garbi adierazten dizkigu lur edo mendi eremuen jabeen eskubideak, baita mendizaleenak ere. Eta eskubide horrek ez duela preskribatzen ere esaten du.
Baserritarren eta mendizaleen artean hobeto elkar ulertzeko helburuz animatu naiz testu hau idaztera. Gizarte eredu berri honetan, gero eta gehiagotan eta modu ezberdinetan erabiltzen dira herri-bideak: turismoa, landa-turismoak eta abar. Guretzat, ordea, bide horiek mendiaz, paisaiaz edota naturaz gozatzeko dira. Nonbaiten irakurri dut bide hauek gure historia eta lurraldea interpretatzeko ondasun historikoaren elementu garrantzitsuak ere badirela, eta zaindu eta babestu egin behar ditugula.