ELKARRIZKETA

“Ibil Bedik beti du zuzenean diskotik harago doan zerbait emateko gaitasuna, edo intentzioa behintzat”

Berriketan 2024ko uzt. 29a, 11:30

Ibil Bedi talde nafarrak itxiko du aurtengo Gure Giroren egitaraua ostiralean (abuztuak 2). Zumardiko karpan izango da kontzertua, 22:00etan, Zuhatza-Kolore Anitzen ekimenez, eta doakoa izango da sarrera. Taldekideek Goldea azken diskoa Deban aurkezteko gogoz daudela aipatu dute Berriketan-i eskainitako elkarrizketan. 

Ibil Bedi taldea 2018an sortu zuten Ibai Osinagak, Amets Arangurenek, Areta Senosiainek, Eder Escalerak eta Javier Larrañetak. Boskote nafarrak hiru disko atera ditu urteotan, azkena iaz (Goldea), eta herriz herriko aurkezpen biran Deban egingo du geldialdia abuztuan. Kontzertua emateko gogotsu daudela diote Aranguren eta Osinaga taldekideek, eta bertaratzeko deia egin diete herritarrei,  bai jarraitzaileei, bai oraindik ere taldea ezagutzen ez dutenei: "Musikazaleak badira eta egiteko besterik ez badute, etor daitezela, eman diezagutela aukera bat" .

2022ko ekainean kontzertua eman zenuten Debako Kultur Elkartean. Nola ondu da Ibil Bediren proiektua bi urteotan?
Ibai Osinaga: Egia da denbora azkar pasatzen dela eta askotan ez garela bizitakoaren kontziente izaten, horretan pentsatzen jartzen garen arte. Deban izan ginenetik disko berri bat atera eta kontzertu asko eman ditugu, baina antzeko modu batean lan egiten jarraitzen dugu. Gustura eta pozik gaude egindako bidearekin eta etengabe ikasten ari gara. 

Duela urtebete pasa kaleratu zenuten zuen hirugarren diskoa: 'Goldea'. Pozik emaitzarekin? Zer nolako harrera izan du zuen azken lanak?
Amets Aranguren: Oso-oso pozik gaude Goldea-k izan duen harrerarekin. Kontziente ginen egindako lan guztiaz, inoiz baino serioago hartu baitugu hirugarren disko honen eratze prozesua, baina beti da eskertzekoa jendearen aldetik ere erantzun polita jasotzea. Eta beti esaten dena da, baina diskoaren harrerak puskaz gainditu zituen gure espektatibak. 

Aurreko bi lanekin alderatuta, azken diskoan estilo edo soinu ezberdinak aurki daitezke, ezta? 
I.O.: Uste dut bide bat segitu dugula, gure "soinua" bilatzen edo, eta gaur egun ditugun baliabideekin disko hau atera da. Horrek ez du esan nahi hurrengoa bide honetatik joanen denik, ezta kontrakoa ere. Baliteke produkzioa izatea gehien aldatu dena aurreko diskoekin alderatuta, baina muinean kantuak oso modu antzekoan sortu ditugu.

“Azken diskoa kontzertura eramateko modurik zintzoena eta zentzuzkoena da oraingo zuzenekoa”


Amets, presentzia handiagoa duzu orain abeslari gisa eta gitarrarekin ere aritzen zara batzuetan; lehen, ordea, teklatuan eta saxoarekin ikusten zintugun batik bat. Nolatan aldaketa hau? 

A.A.: Nahiz eta arlo akademikoko ikasketa guztiak saxoarekin egin, ez dut sekula harekiko atxikimendu berezirik sentitu eta, hortaz, goi mailako ikasketak bukatzearekin batera, instrumentua alde batera utzi nuen. Kantatzeari dagokionean, beti gustatu izan zait abestea, instrumenturik adierazkorrena iruditzen zait. Normalean, letrak idazten dituenak kantatzen ditu letra horiek Ibil Bedin, nahiz eta badiren nik idatzi eta Ibaik kantatzen dituen kantu batzuk aurreko diskoetan. Zentzu horretan, uste dut "aldaketa" hau horri lotua dagoela erabat; nik idatzitako letrak nik kantatzen ditut, eta Ibaik idatzitakoak Ibaik kantatzen ditu. Horrek ez du esan nahi hemendik aurrera horrela izanen denik beti.

Ibai, zure kasuan, ordea, zure ahotsaren presentzia bigarren plano batera pasa dela esan genezake. Gustura gitarrarekin? 
I.O.: Egia esan, bai. Oso gustura nago eta asko ikasi eta gozatu dut Goldea-ren sortze-grabaketa prozesuan. Beti kantatu izan dut gitarrararekin eta orain, pixkanaka, gitarra jotzen ikasten ari naizela sentitzen dut.

Abeslariei rol protagonista eman ohi zaie maiz. Erraza izan al da zuretzat rol hori aldatzea edo partekatzea? Aldaketa naturala izan al da, edo apropos egin duzue?
I.O.: Ametsek aipatu bezala, guztiz naturala izan da. Apropos egindakoa kontzertuetan erabiltzen dugun osaera izan da; hor bai,  taldekide guztiak "berdintzearen" aldeko ideia genuen, eta hein batean lortu dugula uste dugu.

 

 

Zuzeneko ikuskizunari ere garrantzia berezia eman diozue bira honetan (argiztapena, pedal eta efektu ezberdinak…). Zertan aldatu dira zuen kontzertuak?
A.A.: Aldaketarik handiena da disko berri baten kontzertua dela; ez dut uste aurreko diskotik hona gure zuzenekoaren ulerkera asko aldatu denik, baina agian gu pixka bat helduagoak gara. Egia da Mikel Perez gure argi teknikariak diseinatutako argiak berriak direla eta horrek asko janzten duela zuzenekoa (nahiz eta ezin diren beti baliatu), baina azken diskoa kontzertura eramateko modurik zintzoena eta zentzuzkoena da oraingo zuzenekoa, ez du beste deus berezirik. 

Publiko berri batengana iristeko baliagarriak izan al dira aldaketa horiek?
I.O.: Zaila da hori aztertzea eta ondorioak ateratzea. Esanen nuke ez dugula publiko berri batengana iristeko gauza berezirik egin, hori ez dugu inoiz buruan izan, baina izan daiteke, bai. Beharbada kontzertua ikusi eta gozatu duenak lagunei gomendatu die, eta horrek ekarri du publiko "berri" bat. 

Abuztuaren 2an Deban ariko zarete. Zer aurkituko dute zumardira bertaratzen direnek?
A.A.: Esanen nuke Ibil Bedik beti duela zuzenean diskotik harago doan zerbait emateko gaitasuna, edo intentzioa behintzat. Iruditzen zait gure azken lana dela lanik aberatsena eta diskoan topa daitezkeen ertzak zuzenekora eramaten saiatzen gara.

Diskoak argitaratzeko orduan, autoekoizpenaren aldeko apustua egin duzue beti. Zergatik?
A.A.: Prozesu guztia zure esku egotea beldurgarria da batzuetan, baina gauzak ongi ateratzen direnean oso pozgarria da, eta horrek ematen dizu aurrera jarraitzeko gogoa. Uste dugu hori dela sortzeko bidea.

“Epe luzerako planik edo helbururik ez dugu inoiz izan, baina badugu gauza berriak egiteko gogoa”

Posible al da musikaren industriak agintzen duen horretatik aparte aritzea?
A.A.: Edozein sistemaren barruan bezalaxe, puntu bateraino bai, baina ez zentzu guztietan. Taldearen erabaki politikoak batez ere hor daude: noraino, non, zergatik eta zertarako sartu edo distantzia mantendu. Makrojaialdi batean jotzeari ezezkoa emanen diogu, baina gure kantak Spotify-n daude. Zure gain zenbaterainoko kontraesanak hartzeko prest zauden jakin behar da. Eta, horrez gain, momentuaren arabera ere alda daitezkeela jakin.

Eta etorkizunari begira jarrita, zeintzuk dira hurrengo urteetarako erronkak?
I.O.: Epe luzerako planik edo helbururik ez dugu inoiz izan, baina badugu gauza berriak egiteko gogoa (taldekide bakoitzak ezberdin bizi du, noski). Oraindik geure burua talde gisa zaintzen ikasten ari gara eta eztabaida eta hausnarketa asko egiten ditugu taldean. Zaila da hain bizitza desberdina daramaten bost kideen taldeari beti norabide bera ematea. Oraingoz, astebete hartu dugu abuztuan elkarrekin egoteko, ez da gutxi!