Amaitu berri den denboraldian fin aritu da Jon Osa igerilari debarra. Eibar Igerixan Kirol Klubeko kideek azaldu dutenez, Espainiako 111. Open Trials Txapelketan lortu ditu denboraldiko emaitzarik azpimarragarrienak. Bizkar estiloko 100 metroko proban, esaterako, final nagusira iritsi zen. Lehia oso estua egon zen azken metroetara arte eta, gogor saiatu bazen ere, bi ehunenengatik podiumean sartzeko aukerarik gabe geratu zen debarra; 55,66 segundoko markarekin, laugarren amaitu zuen.
Bizkar estiloko 50 metroko proban ere bikain moldatu zen. 25,79 segundoko denborarekin, bosgarren sailkatu zen final nagusian; zehazki, txapelketako errekor berria ezarri zuen Ulises Juan Saraviak baino 73 ehunen gehiago behar izan zituen helmugaratzeko. Estilo libreko 100 metrokoan, berriz, kontsolazio txandako finalean sartzea lortu zuen; 50,51 segundoko denborarekin, 11. postuan amaitu zuen txapelketa.
"Urte ona izan da"
Espainiako Open Trials Txapelketan lortutako emaitzekin "oso pozik” dagoela azpimarratu du kirolari debarrak. "Podiumik zapaldu ez badut ere, pozik nago. 100 metro bizkarka, esaterako, laugarren sailkatu nintzen, baina nire aurretik portuges bat zegoenez, Espainia mailan hirugarren amaitu nuela esan dezaket". Bizkar estiloko 50 metroko lasterketan ere antzeko zerbait gertatu zela zehaztu du. "Bosgarren amaitu nuen, baina aurretik sailkatu zirenetako bat uruguaitarra zenez eta bestea portugesa zenez, Espainia mailako hirugarren onena izan nintzela esan daiteke".
Emaitza onak lortu baditu ere, denboraldi hasieran jarritako helburu guztiak ez dituela bete aitortu du. "Open Trials Txapelketan domina bat lortzea zen nire helburua, baina ezinezkoa izan da. Pena izan da, izan ere, 100 metro bizkarka proban bi ehunenengatik geratu nintzen podiumetik kanpo". Hala ere, pozik agertu da amaitu berri den denboraldian egindakoarekin. "Euskadiko bi errekor hautsi ditut eta, alde horretatik, oso pozik nagoela esan beharra dut. Nire ustez, urte ona izan da".
Oporraldian
Orain momentuan, udako oporraldiaz gozatzen ari da Osa, baina, bitartean, ikasten jarraitu eta, aldi berean, igerian jarraitzeko aukera emango dion beka baten bila ari dela esan du. “Euskal federaziotik, esaterako, hainbat beka daude; ea hurrengo ikasturtean ere igeriarekin jarraitzeko aukerarik badudan”.
Igerilari debarra, zehazki, atzerrian (Ameriketako Estatu Batuetan) ari da ikasten. "Aurten unibertsitatez aldatu naiz, eta han ere gustura ibili naiz. Egia esan, aurtengo maila askoz altuagoa izan da eta, horrenbestez, entrenamenduak ere askoz ere zorrotzagoak eta zailagoak izan dira; 20-22 ordu entrenatu ditut astean. Horietatik 16 bat ordu uretan eman ditut eta gainontzeko orduetan, berriz, gimnasioan, korrikan edo bestelako ariketa batzuk egiten aritu naiz”.