Nazioarteko Olinpiar Batzordeko lehendakariak sei edo zortzi palestinarren parte-hartzea berretsi du (Palestinaren banderekin), markarik lortzen ez badute ere. Konpromisoa argia zen: "Joko eremuan kirolaririk ez bada sailkatzen, Palestinako Olinpiar Batzorde Nazionalak gonbidapenak izango ditu”. Gonbidapena "unibertsaltasun olinpikoaren" indarrez aplikatzen da, kirol eliteaz haratago, nazio guztiei elkartzeko aukera emateko.
Palestinako Olinpiar Batzorde Nazionalarentzat neurri hau Palestinako kirolei laguntza eskaintzeko eta haien presentzia bermatzeko konpromisoaren parte da, itxaropenaren sinbolo direlako. Nader Jayousi Palestinako Olinpiar Batzordeko zuzendari teknikoak honakoa azaldu zuen: "Olinpiar Jokoak ez dira kirola soilik, nazio beharra dira palestinarrontzat. Ihes egiteari uko egiten dion herria ordezkatzen dugu.”
Gaur egun, elikatzen eta bizirik irauten saiatzen dira familiak Palestinan (batez ere, Gazan), eta kirola ez da lehentasuna. Etxeekin batera, eskolak, osasun zentroak eta ospitaleak, meskitak eta elizak, merkatuak eta araztegiak, kirol instalazioak... suntsitu dituzte bonbardaketek. Eta Palestinako Olinpiar Batzordeak adierazi duenez, "dagoeneko ehunka pertsona hil dira, gazte eta kirol erakundeetako kideak barne". Israelgo bonbardaketen biktimen artean Hani Al-Masdar futbol talde olinpiarreko entrenatzailea, Ibrahim Qusaya boleibol izarra... eta beste hainbat kirolari entzutetsu daude.
Parte hartuko duten kirolarien artean, bestalde, halterofilian aritzen den Muhammad Hamada egongo da. Munduko txapeldun izan zen gazte mailan eta gerra hasi ondorengo lehen hilabeteetan entrenatzen jarraitu zuen, baina gosearekin 15 eta 17 kilo artean galdu ditu. Hortaz, zaila izango du domina bat irabaztea. Baina, palestinarrentzat garrantzitsuena orain ez da domina bat irabaztea, Olinpiar Jokoetan parte hartzea eta nazio gisa duten erresistentzia eta erresilientzia ikusgai jartzea baizik.