Berritasun gisa, aurtengo Umeen Egunean familia, haur eta gaztetxoentzako bazkari herrikoia izango da zumardiko karpan, 14:00etan; tiketak abuztuaren 1etik 9ra izango dira salgai turismo bulegoan, 2 euroan (postrea eta ura), eta bazkaria etxetik eraman beharko dela ohartarazi dute antolatzaileek.
Ohikoa den haurren danborrada ere izango da abuztuaren 15ean, baina arratsaldean egingo dute aurten (17:30ean). Gaur (uztailak 22) izango da lehen entsegua, 19:00etan, Ifar kaleko Luzaro eskolan. Eta uztailaren 29an, eta abuztuaren 5ean eta 12an izango dira hurrengo saioak, toki eta ordu berean.
Bestalde, zortzi urtetik gorako haurrei zuzendutako play-back lehiaketa ere iragarri dute. Foruen Plazan egingo da, arratsaldean, eta umeek bakarka edo taldeka parte hartu ahal izango dute; izen-ematea abuztuaren 5ean amaitzen da (debakoumeeneguna@gmail.com).
Berritasunez harago, bestelako ekintzak ere izango dira aukeran Umeen Eguneko egitarauan. Goizean, adibidez, 11:00etatik 15:00etara puzgarriak eta ur parkea izango dira Simon Berasaluze plazan. 12:30ean, Plaza Zaharrak Bapatean Zirkoren Adabaki ikuskizuna hartuko du, adin orotako herritarrei zuzendua. Iluntzean, aldiz, musika izango da protagonista, Lehian taldearen erromeria izango da eta.