Orotara, bost irteera antolatu dituzte eta horietatik hiru Deban izango direla jakinarazi dute Debanaturako arduradunek. Bihar (uztailak 20) egingo dute uda denboraldi honetako lehen irteera. 21:30ean, Debako hondartza parean elkartu eta gidari espezializatu baten laguntzarekin, itsasgora erretiratzean putzu eta harkaitz artean "harrapatuta" geratzen diren itsas animaliak ikusteko aukera izango dute parte hartzaileek.
Irteera bakoitzak bi orduko iraupena du eta, antolatzaileek azpimarratu dutenez, parte hartzaileek "esperientzia ahaztezin bat bizitzeko aukera" izango dute. Bisitan parte hartuko dutenek, besteak beste, muxarrak, karramarroak, itsas izarrak, olagarroak, bogak, anemonak, itsas trikuak, zarboak eta bertako beste hainbat espezie ikusteko aukera izango dute.
Irteera gidatuak 7 urtetik gorakoei zuzenduta daude eta, ibilbidea erraza bada ere, “arretaz” ibili beharra dagoela gogorarazi dute. Gomendagarria da haitzetan eta putzuetan ibiltzeko arropa erosoa eta oinetako egokiak eramatea, baita ordezko oinetakoak eta galtzerdiak ere. Irteeran erabiltzea gomendatzen duten kopeta argia, berriz, antolatzaileek banatuko dute.
Izen-ematea eta hurrengo irteeren egutegia
Irteera gidatuek edukiera mugatua dute eta, hortaz, aurrez izena eman behar da. Interesa dutenek debanatura@hotmail.com posta elektronikora idatzita edo 695 78 36 56 telefono zenbakira deituta egin dezakete izen-ematea. Irteeraren prezioa 15 eurokoa da, erantzukizun zibileko eta istripuetako aseguruak barne.
Hona hemen hurrengo irteeren egutegia:
- Abuztuak 19. 22:00etan, Zumaian.
- Abuztuak 21. 22:30ean, Deban.
- Irailak 20. 22:30ean, Deban.
- Irailak 21. 23:00etan, Zumaian.