Olaia Inziarte abeslari oronoztarrak 2022an abiatu zuen bere ibilbide musikala bakarlari gisa. Iazko Musika Independentearen MIN sarietako bost finalistetako bat izan zen. Besteak beste, Iker Laurobarekin eta Chica Sobresaltorekin batera ere aritzen da, teklatu eta koroetan.
Inziarteren lehen diskoak harrera ezin hobea izan du euskal musikaren plazan. Durangoko Azokan diskoak agortu ostean, artista nafarrak abestiak egiten badakiela erakutsi du, Lehengo Lepotikan Burua lanean sonoritate tradizionalena abangoardistarenarekin harilkatu eta pop ilun estiloko konposizioak kaleratuz.
Gaur gauean Deban emango duen kontzertuan musikariaren proiektua ezagutzeko aukera izango da. Beti bezala, hitzordua 22:00etan izango da, Plaza Zaharrean.
Datorren ostiralean (uztailak 26) emango zaio amaiera Iturri Ondoan egitasmoaren aurtengo egitarauari, Iñurri elkartearen eskutik datorren Tabuen kutxatik oholtzara bertso saio musikatuarekin (22:00etan). Uxue Alberdi, Nerea Ibarzabal, Ane Labaka eta Maider Arregi bertsolariak dira minbizia modu batera edo bestera jasatea tokatu zaienei laguntzeko eta gizartea sentsibilizatzeko helburua duen ikuskizuneko protagonistak.