Udalak duela hilabete batzuk abiatu zuen Debako Zaintza Ekosistema eratzeko prozesua. Eta, herriko pertsona desberdinez osatutako talde eragilea sortu eta egoeraren analisia egin ostean, Debako zaintzaren egoerari buruzko hausnarketa herritarra egiteko ekitaldia egin zen pasa den ekainaren 30ean.
Halaber, herritarren iritziak eta beharrak ezagutzeko galdetegi bat sortu zuten. Galdetegi hori hemen bete daiteke eta, udal iturriek gogorarazi bezala, bihar arteko epea izango da hori egiteko.
Azaldu dutenez, ekitaldiaren zein galdetegiaren bitartez "herriko adinekoen zein haien senitartekoen errealitatea, beharrak eta iritziak gertutik ezagutu nahi dira, gerora garatuko den Zaintza Ekosistemak guztien beharrei erantzun diezaien".
"Abiatutako lanketa eta Zaintza Ekosistemaren eraketa lehentasunezkoa eta estrategikoa da udal gobernuarentzat, adinekoek eskura dituzten zerbitzuak eta euskarriak indartzeko helburuarekin, haien beharrei modu proaktiboan eta egokian eta sentikortasunez erantzuteko", nabarmendu du Alazne Txurruka alkateak. "Horregatik, prozesuak adinekoak eta pertsona zaintzaileak jartzen ditu erdigunean, adineko pertsonen beharrei modu integralean erantzuteko. Ekimen honen bidez, beraz, Debako Udalak adineko herritarren bizi-kalitatea hobetzea du helburu, baina baita gizarte eta komunitate-sarea indartzea ere, adinekoen zaintza gizarte osoaren mesederako den erantzukizun partekatua dela erakutsiz".