Debako Udalak garapenerako lankidetza proiektuak babesteko dirulaguntza deialdia jarri du abian. Bost ildotan banatuta, 56.730 euroko aurrekontua bideratuko du aurten tokiko erakundeak. Honakoak dira diruz lagunduko dituzten lerroak:
- 38.875,15 euroko aurrekontua bideratuko da lankidetza proiektuen garapenera. Dirulaguntza horri esker, herri hartzaileen oinarrizko beharrak asetzera eta bizi-baldintzak hobetzera bideratutako ekimenak finantzatuko dira.
- 1.134,62 euroko aurrekontua bideratua da garapenerako sentsibilizazio eta hezkuntza jardueretara. Udalerri hartzailearen garapenerako sentsibilizazio edota hezkuntza proiektuak finantzatzera bideratu beharko da jasotzen den kopurua.
- 14.182,75 euroko aurrekontua bideratuko da larrialdi kasuetan dauden ekintza humanitarioetara. Zehaztu dutenez, berehalako esku-hartzeak finantzatzeko bideratu beharko da laguntza.
- 2.269, 24 euroko aurrekontua bideratuko da egoera zaurgarrian dauden adingabeen aldi baterako harrera programak babesteko.
- 2.269,24 euroko aurrekontua bideratuko da 18 eta 35 urte bitarteko Debako gazte kooperanteen garapen proiektuak finantzatzeko.
Udal iturriek azpimarratu dutenez, garapenerako lankidetza proiektuak sustatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakunde juridikoei zuzenduta daude laguntzak. "Laguntza lerro horien helburu nagusia da, hain zuzen, laguntza behar duten herrialdeetan bizi-baldintzak hobetu eta garapen ekonomikoa eta soziala sustatzen duten proiektuak babestea".
Uztailaren 29a da eskaerak egiteko azken eguna eta horiek udalaren erregistro elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira. Oinarri arautzaileei eta 2024 deialdiari buruzko informazio gehiago nahi duenak Debako Udalaren web orrian ditu eskuragarri.