Zumardiko jolas parkeko lanak amaitu dituzte

Berriketan 2024ko uzt. 17a, 09:52

Udalak amaitutzat eman ditu eraberritze eta asfaltatze lanak, eta parkeko zoruaren garbiketa orokorra eta sakona egingo du gaur (uztailak 17). Ondorioz, lanek iraun bitartean, parkea itxita egongo dela jakinarazi du.

Ekainean ekin zien Debako Udalak zumardiko jolas parkea eraberritzeko lanei, "espazio hori egungo beharretara egokitu eta herritarrei aisialdirako eta gozamenerako kalitatezko espazio berritua, segurua eta zaindua eskaintzeko".

Esku-hartzeen artean, konponketa lanak egin dituzte parkean eta, horrekin batera, tirolina eta partxis eta xake mahaien azpiko zein hiru dimentsioko sarearen eremua berritu dute. Azaldu dutenez, belar artifiziala ere jarri dute futbol eremuan eta egoera kaskarrean zeuden parkeko elementuak ere ordeztu dituzte.

Eraberritze eta asfaltatze lanak amaituta, udal iturriek atzo jakinarazi zuten parkeko zoruaren garbiketa orokorra eta sakona egingo dutela gaur. Eta, ondorioz, parkea itxita egongo da lanek iraun bitartean.

Udal iturriek nabarmendu bezala, "parkeaz gozatzen duten haurren segurtasuna eta erosotasuna bermatzea da lan guztien helburu nagusia". "Izan ere, Debako udal gobernuaren helburua da debar ororen beharretara egokitutako udalerria eraikitzea, pertsonak ardatz hartuta, eta bide horretan alamedako espazioa egokitu, berritu eta eraldatzeko proiektua Gobernu Planean jasotako proiektu estrategikoetako bat da".