Antolatzaileek iragarri dutenez, "termino kronologiko eta estilistikoan" iazko Nazioarteko Flysch Organo Jaialdiaren barruan Deban egin zen kontzertuaren jarraipena izango da aurtengoa. "Kontzertu hartan J.S. Bach izan bazen helmuga, abiapuntu izango da oraingo honetan".
Santiago Banda organistak eta Amaia Larrayoz sopranoak jarriko diote musika emanaldiari eta azpimarratu dutenez, "erabateko bokal eta instrumental erakustaldia" eskainiko dute, "zentzu guztietan oso anitza den errepertorio baterako". Johan Sebastian Bach-en organorako Tokata eta Fuga BWV 565 entzutetsua interpretatuko dute lehendabizi eta, jarraian, egile beraren BWV 202 ezkontza-kantatako Sich uben im Lieben ariaren txanda izango da.
Bach-en kantuekin batera, musika alemaniarraren erreferente diren beste konpositore batzuen lanak ere entzun ahal izango dira Santa Maria elizan. Zehaztu dutenez, Schubert, Liszt eta Wagner-en lanekin jarraituko du programazioak eta R. Strauss-en Ariadne auf Naxos operaren Es gibt ein Reich ariarekin amaituko dute emanaldia.
Kontzertua, ohi bezala, doakoa izango bada ere, ongintzara bideratuta egongo dela nabarmendu dute. Deban, zehazki, AECC Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteren alde egingo dute diru bilketa; borondatezko ekarpenak jasoko dituzte.
Musikariak
- Amaia Larrayoz. Kantuan lizentziatua eta Soziologian doktorea da eta, gaur egun, abeslari eta irakasle lanak uztartzen ditu. Zenbait kontzertutan parte hartu du estatu mailan zein gure mugetatik kanpo; besteak beste, nabarmendu beharrekoak dira Albenizi eskainitako monografikoa, Schuberten Swanengesang, Purcellen The Fairy Queen, Cardewen The Great Learning, edo Shanghain estreinatu zen Guerreroren La Rosa de Azafran.
- Santiago Banda. Zumaiarrak organo ikasketak egin zituen Donostiako Musikako Goi Kontserbatorian, Ohorezko Sariarekin. Goi mailako ikasketak ere eginak ditu Stuttgarteko Musika eta Arte Eszenikoetako Kontserbatorioan Jon Laukvik organista eta pedagogo ospetsuarekin. Egun Donostiako F. Escudero-ko organo irakaslea da eta hainbat kontzertu eman ditu Espainian eta Frantzian bakarlari gisa zein abesbatzei eta abeslari bakarlariei lagunduz. Euskadiko Orkestra Sinfonikoan, Bilboko Orkestra Sinfonikoan, Nafarroako Orkestra Sinfonikoan eta Espainiako Orkestra Nazionalean jo du, ospe handiko zuzendariekin.