Antolakuntzak jakinarazi duenez, uztailaren 26a da lanak aurkezteko azken eguna; interesa duten herritarrek debakogaztelekua2@gmail.com helbidera idatzita aurkeztu ahal izango dituzte lanak. Zehaztu dutenez, mezuaren gaia ‘Logotipo lehiaketa’ izan beharko da eta mezuak parte hartzailearen izen-abizenak eta harremanetarako kontaktua jaso beharko ditu. Proposamenak aurrez aurre aurkeztu nahi dituztenek, bestalde, Gaztelekura bertaratu beharko dute.
[Hona HEMEN lehiaketaren oinarriak]
Gaztelekuaren logotipo berria aukeratzeko lehiaketaren oinarrietan jasotzen denez, lan guztiek originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dute eta azpimarratu dutenez, "ez da, inondik inora, kopiarik onartuko". Azaldu dutenez, irudiarekin batera 'Debako Gaztelekua' testua ere azaldu beharko da. "Irudia sortzeko teknika librea izango da eta gutxienez hiru kolore erabiltzea gomendatzen da. Lehiaketatik kanpo geldituko dira konnotazio sexista, arrazista, homofobo edo edonor mintzeko logotipoak".
Jasotzen diren proposamen guztiak aztertu ondoren, Debako Udaleko gazteria teknikariak eta zinegotziak osatutako epaimahaiak aukeratuko du lehiaketaren irabazlea eta, sari gisa, Debalai elkarteko dendetan gastatzeko 100 euroko bonu bat jasoko du.
Debako Udalaren webgunean jarri dute eskuragarri lehiaketari buruzko informazio guztia.