Joan den ostiralean antzerkia izan zen protagonista, eta gaur gauerako deituta dago aurtengo Iturri Ondoan programazioko bigarren hitzordua; hamaikagarren aldiz datorkigun Begiradak ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da.
Udal iturriek nabarmendu bezala, gaurkoa literatura, irudiak eta musika uztartuko dituen kultur emanaldi berezia izango da; "sormenez beteriko gaua eta ekitaldia izango da, hitzak, dantzak eta antzerki emanaldi txikiak txirikordatuz, bertaratzen diren pertsona guztien gozamenerako, esperientzia paregabeaz gozatzeko aukera izan dezaten".
Parte hartuko duten idazleak hauek izango dira: Iraia Agirrezabala, Antton Aizpurua, Goizane Aizpurua, Eider Aldalur, Rexu Arakistain, Ane Bastida, Nekane Goikoetxea, Itsaso Iciar, Arantza Iriondo, Itzale Laka, Mari Seara, Ainara Sedano, Mattin Urbieta eta Amaia Zinkunegi. Irudigileak, berriz, hauek izango dira: Inma Alberdi, Esti Beristain, Iñaki Elosua, Aitor Oñederra, Nere Oria eta Jhoselin Quispe. Kulunka Dantza Taldeak ere parte hartuko du emanaldian.
Datorren ostiralean (uztailak 19) izango du jarraipena Iturri Ondoan egitasmoak. Olaia Inziarteren kontzertu akustikoa izango da 22:00etan.