Geoparkeak 'Flyscha belaontzian' bisita gidatua eskainiko du aurten ere

Berriketan 2024ko uzt. 12a, 09:25

Bisita gidatu hauek iaz egin zituzten lehenbizikoz. (Arg.: Euskal Kostaldeko Geoparkea)

Astelehenean (uztailak 15) hasi eta irailaren 7ra bitartean, zortzi irteera egingo dituzte, guztiak ere Zumaiako kirol-portutik abiatuta.

Iaz bezalaxe, Euskal Kostaldeko Geoparkeak Flyscha belaontzian bisita gidatuak egingo ditu aurten ere, hilaren 15etik aurrera. Guztira, zortzi irteera egingo dira irailaren 7ra bitartean. "Ekoturismo proposamen honek flyscha modu jasangarri, erlaxatu eta esklusiboan ezagutzeko aukera paregabea" eskaintzen duela nabarmendu dute Geoparkeko kideek.

Belaontzian egingo den bi orduko itsas-zeharkaldiak Zumaiako kirol-portuan du abiapuntua eta helmuga. Itsasertzarekiko paraleloan nabigatzen du ontziak, eta munduko gune geologiko nagusienetako bat den labar multzoa itsasotik ikusteko aukera eskaintzen du. 

Irteerak astean behin egingo dituzte, eguerdietan; azaldu dutenez, gehienez ere bost lagunek parte hartuko dute bisita bakoitzean.

Geoparkeak eskaintzen dituen bisita gidatuen programa osoa (oinez zein itsasontziz, kostaldean eta barnealdean) geoparkea.eus webgunean ikus daiteke, baita Deba, Mutriku eta Zumaiako turismo bulegoetan ere. Era berean, aipatu bulegoetan edo Internet bidez egin daitezke erreserbak.