Paco Etxeberria auzitegi medikuak hitzaldia emango du gaur Kultur Elkartean

Berriketan 2024ko uzt. 10a, 11:30

Marea gora hitzaldi sortaren baitan egingo da solasaldia, 19:00etan. Bihar iluntzean, bestalde, umorezko bakarrizketak izango dira Kultur Elkartean, eta larunbatean irteera gidatua egingo dute Sasiolara. Gure Giro kultur programazioaren aste honetako eskaintzaren barruan daude hiru hitzorduak.

Debabarreneko Ikasten Esperientzia Eskolak antolatutako Marea gora zikloaren baitan aurten egingo den hirugarren saioak puntako hizlaria dakar gaur Debara. Paco Etxeberria auzitegi mediku entzutetsuak Investigacion forense en el Valle de Cuelgamuros: entre lo muy dificil y lo imposible hitzaldia emango du 19:00etan.

Cuelgamuros Harana (Espainia) –2022an horrela izendatu zuten Erorien Harana– frankismoko monumentu garrantzitsuena da. Bertan, gerran hildako 33.000 pertsona baino gehiagoren gorpuak daudela uste da, eta Paco Etxeberria auzi medikua buru duen lan taldeak bi urte daramatza bertan desobiratze lanetan. Ikerketaz hitz egingo du gaur arratsaldeko hitzaldian.

Barre Giro eta Sasiolara irteera

Gaurko hitzaldiaren ondoren, Gure Giro zikloak bihar (uztailak 11) izango du jarraipena, bestelako proposamen batekin. Amaia Ruiz de Galarretaren eta Asier Galarzaren umorezko bakarrizketek girotuko dute, hain zuzen ere, Kultur Elkarteko aretoa, 20:30etik aurrera. Barre Giro-ren azken saioa izango da eta, aurreko bi hitzorduetan bezalaxe, Manex Astigarragak gidatuko du ikuskizuna. Sarrerak Internet bidez eros daitezke (esteka honetan).

Asteari amaiera biribila emateko, larunbatean (uztailak 13) Alex Turrillas Aranzetak gidatutako irteera egingo da, La otra historia de Sasiola izenburupean. 10:00etan jarri dute hitzordua, Plaza Zaharrean. Irteeran parte hartu ahal izateko, izena aurrez eman behar dela (hemen) gogorarazi dute antolatzaileek.